Politika -
Larrialdi-egoera
Hauteskunde-erroldaren erreformak protestak piztu ditu Kaledonia Berrian, bost hildako eta 200 atxilotu utziz
Astelehenean piztu zen gatazka, Frantziako Parlamentuan erreforma eztabaidatu ondoren. Izan ere, hamar urte lurraldean bizi diren frantziarrei ematen die boto eskubidea erreformak, eta indigenen zati handi batek uste du erabaki horrek bere eskubideak murrizten dituela.
Agentziak | EITB Media
Frantziako agintariek gaur iragarri dutenez, segurtasun indarretako 1.000 kide gehiago jarriko dituzte Kaledonia Berrian (hiru artxipelago eta 270.000 biztanle inguru ditu), azken egunetako protestetan bost pertsona hil eta beste 200 atxilotu ostean. Parisek hautesle-errolda zabaltzeko erreforma jarri du abian, eta horrek kaledoniar askoren haserrea eragin du.
Horrela, azken egunotan milaka pertsona kalera atera dira Kaledonia Berrian Konstituzioaren erreformaren aurka protesta egiteko. Artxipelagoak Emmanuel Macron presidenteak iragarritako larrialdi egoeran daude, eta Numea hiriburuan gaur sartu da indarrean.
Astelehenean areagotu zen gatazka, Frantziako Parlamentuan frantziarrei boto eskubidea ematen dien hauteskunde-erreforma eztabaidatu ondoren. Indigena kanako askok, independentistek bereziki, euren eskubideen murrizketa baten beldur dira.
Azkenean onartutako testuak, Macronek datorren hilean berretsi nahi duenak, boto eskubidea ematen die gutxienez hamar urte lurraldean bizi diren frantziar herritarrei.
Kanakoek, eta bereziki Askapen Nazionalerako Fronte Sozialistaren (FLNKS) aliantza independentistak, Frantziarekiko harremanen une bereziki kritikoan egindako proposamena salatu dute, 2021eko independentziari buruzko azken erreferenduma boikotatu ostean. Galdeketa unionistek irabazi zuten.
Gabriel Attal Frantziako lehen ministroak adierazi duenez, mila poliziak inguru horretan dagoeneko dauden segurtasun indarretako 1.700 kideei gehituko zaizkie. Attalek elkarrizketaren garrantzia azpimarratu du, eta protestetan bosgarren pertsona bat hil izana deitoratu du. Polizia bat hil da, beste polizia batek tiro egin ostean.
Guztira, hiru zibil (17 eta 36 urte bitartekoak) eta bi polizia hil dira mobilizazioak hasi zirenetik. Gainera, gutxienez 64 jendarme zauritu dira.
Gainera, orain arte 206 pertsona atxilotu dituzte, Gerald Darmanin Barne ministroak gaur goizean telebistan adierazi duenez.
Bestalde, gaur egitekoa zen Macronen eta Kaledonia Berriko buruzagien arteko bilera bertan behera utzi behar izan dute, aldeek "elkarrizketarako borondaterik ez dutelako", Eliseotik azaldu dutenez.
Polemika Azerbaijanekin
Gainera, Kaledonia Berrian izandako istiluek polemika piztu dute Azerbaijanekin ere; izan ere, Bakuk Frantziaren kaltetan jardun duela adierazi du Eliseok, baina Azerbaijanek "oinarririk gabeko" akusazioak leporatu dizkio Parisi.
"Azerbaijani buruz, ez da fantasiazko zerbait, errealitate bat da", esan du Darmaninek France2 katean, eta "Kaledoniako buruzagi independentisten zati batek Azerbaijanekin akordioa itxi izana" deitoratu du. Azerbaijango erregimena herritarren zati bat "sarraskitzen duen diktadura" dela gaineratu du.
Azerbaijanek errefusatu eta funtsik gabekotzat jo ditu Frantziako Barne ministroaren hitzak. "Azerbaijango Estatuaren eta Kaledonia Berriaren independentzia defendatzen duten buruzagien arteko ustezko loturen funtsik gabeko beste akusazio bat da", adierazi du Aykhan Hajizade Azerbaijiako diplomaziaren bozeramaileak.