Politika -
Auzitegi Nazionala
Hainbat erakundeetara bonba gutunak bidaltzea leporatzen dioten gizonak dena ukatu du epaiketan
Pompeyo Gonzalezek epailearen aurrean adierazi duenez, ez daki lehergailuak egiten eta ukatu egin du bonbak nola egiten diren Interneten bilatu izana.
Agentziak | EiTB Media
Espainiako hainbat erakundetara (Moncloa Jauregira, Defentsa Ministeriora eta AEBko eta Ukrainako enbaxadetara, besteak beste) bonba-gutunak bidaltzea leporatzen dioten Pompeyo Gonzalez 74 urteko gizonak dena ukatu du Auzitegi Nazionalean egiten ari diren epaiketan.
Miranda Ebroko bizilagun erretiratuak epailearen aurrean nabarmendu duenez, ez zuen "bake publikoa hautsi nahi, ezta sistema demokratikoa kolokan jarri, ez zait horrelako txorakeriarik bururatu".
Gainera, ziurtatu du ez dakiela lehergailuak egiten eta ukatu egin du Burgosetik gutunak bidali zituela. Fiskalak eta akusazio gisa aurkeztu den Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) 22 eta 24 urteko kartzela zigorra eskatu dute akusatuarentzat. Hauek dira egozten zaizkion delituak: terrorismo delitua, lehergailuak, sukoiak edo su-eragileak, helburu terroristarekin fabrikatzea, edukitzea, jartzea eta erabiltzea.
Auzipetuak azaldu duenez, 25 edo 30 gutun azal eta beste hainbat elementu metaliko erosi zituen, postalak bidaltzeko eta brikolaje lanak egiteko, hurrenez hurren.
Pompeyo Gonzalezek emandako lekukotzaren arabera, gauza horietako asko zakarrontzira bota zituen eta edonork hartu ahal izan zituen bere hatz markak zituen gutun azalak lehergailuak bidaltzeko.
Bestalde, ukatu egin du Interneten bonbak nola egiten diren bilatu izana. "Nik bengala bat nola egiten zen bilatu nuen, eta Interneten bonba atomiko bat eta misilak nola egiten diren ikusi nuen".
2022ko uztailean potasio nitratoa zergatik erosi zuen galdetuta, garbitzeko erabili zuela erantzun du.