Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Otxandianok aurrea hartu eta Pradalesi, Anduezari eta ezker konfederalari deituko diela iragarri du

Hauteskundeak egin zirenetik hiru aste baino gehiago igaro badira ere, Imanol Pradalesek ez diola deitu kritikatu du EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko buruak. Horren arabera, "orain" da kooperaziorako eta adostasunerako garaia.

Pello Otxandiano, Radio Euskadin
Pello Otxandiano, Radio Euskadin
Pello Otxandiano: ''Elkarlanerako momentua hau da''

1:29

O. A. | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pello Otxandiano EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko buruak iragarri du Imanol Pradales EAJren lehendakarigaiari deituko diola bien arteko bilera "formala" hitzartzeko. Halaber, PSE-EEri eta ezker konfederalari ere deituko die Eusko Jaurlaritza berria osatu aurretik.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egin zirenetik hiru aste pasa diren arren Pradalesek ez dio oraindik deitu, eta, horregatik, pauso bat aurrera ematea erabaki du. "Nik neuk bilera bat eskatuko diot Imanol Pradalesi egoera politikoa aztertzeko", gaineratu du.

Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan azaldu duenez, gaur gaurkoz elkarrizketak bi alderdiren artekoak —EAJ eta PSE-EE— eta "pribatuak", "baztertzaileak" eta "esklusiboak" dira. Horren esanetan, negoziazio horietatik atera daitekeen gobernu programak "hipoteka" eta "ate itxi" asko izango ditu.

Testuinguru horretan, EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta ezker konfederalaren artean elkarrizketak martxan jartzeko deia egin du.

Otxandianoren arabera, ez du balio orain EAJren eta PSE-EEren artean gobernu programa bat osatu, eta, ondoren, EH Bilduri "eskatzea" edo "kasik exijitzea" hipoteka horiek bere gain hartzea. Ildo horretan, uste du "orain" dela momentua kooperaziorako eta adostasunerako. 

Bestalde, Otxandianok ez du argitu bere burua inbestidurara aurkeztuko duen ala ez, eta gainerako indar politikoekin egin nahi dituen bilera horien arabera erabakiko omen du.

Azkenik, Otxandianok txalotu egin ditu autogobernua berritzeko premiaz Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak egindako adierazpenak. Horren esanetan, hurrengo legegintzaldian "behin betiko" heldu behar zaio gaiari: batetik, inoizko Legebiltzarrik abertzaleena delako; bestetik, Espainiako Gobernuko presidente bat prest agertu delako, lehen aldiz, Estatuan lurraldetasunaren eztabaidari heltzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euzko Alderdi Jeltzalea Eusko Jaurlaritza berriak Eusko Legebiltzarra bideoak EH Bildu Araba PSE-EE albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Eneko Andueza gaur Yolanda Diazen hautagaitza eta hauteskunde programa Imanol Pradales gaur Pello Otxandiano gaur