Politika -
OSOKO BILKURA
Gaur hasiko da EAEko XIII. legealdia, Legebiltzarra osatuta
EAJko eta EH Bilduko bina kidek eta PSE-EEko batek osatuko dute Legebiltzarreko Mahaia.
EITB MEDIA
EAEko XIII. legealdia gaur hasiko da, Barkatxo Tejeria EAJko legebiltzarkidea laugarren aldiz jarraian buru izango duen Legebiltzarra osatuta. Eusko Legebiltzarrak lehen aldiz izango du EAJren eta EH Bilduren legebiltzarkide kopuru bera, 27 eserleku bakoitzak.
PSE-EEren 12 legebiltzarkideek, PPren zazpiek, Sumarrek lortu duen ordezkari bakarrak eta Voxen ordezkari bakarrak osatuko dute legegintzaldia. Legebiltzarreko Mahaia EAJko eta EH Bilduko bina kidek eta sozialista batek osatuko dute.
Eusko Legebiltzarra osatzeko osoko bilkura 10:00etan hasiko da, eta banan-banan egingo zaie deia eserlekuak beteko dituzten hautetsiei.Ondoren, Adineko Mahaia osatuko da, osoko bilkuraren gainerako atalak zuzenduko dituena. Legebiltzarkide zaharrenek eta gazteenek osatuko dute. Emakumez bakarrik egongo da osatuta, eta Miren Gallastegi (PSE-EE), 63 urtekoa, izango da burua.
Berarekin batera, Susana Corcuera (PSE-EE), Irune Zuluaga (EAJ), Eraitz Saez de Egilaz eta Edurne Benito del Valle (EH Bildu) izango dira.Legebiltzarreko MahaiaHautagaitzak aurkeztu ondoren, hiru bozketa egingo dira datozen lau urteetan Eusko Legebiltzarreko gobernu organoko bost postuetan egongo diren pertsonak aukeratzeko.EAJk eta PSE-EEk, gobernu itun berriaren negoziaketa betean, gehiengo osoa dute (39 eserleku), eta akordio batera iritsi dira: EAJk presidentetza eta lehen idazkaritza izango ditu, eta PSE-EEk lehen presidenteordetza. Beste bi postuak EH Bildurenak izango dira.
Lehenengo bozketan, Bakartxo Tejeria hautatuko dute berriro Legebiltzarreko presidente, bere taldearen eta PSE-EEren babesarekin. Bigarrenean, presidenteordetzak izendatuko dira, lehena Susana Corcuera sozialistarentzat, eta bigarrena Eba Blancorentzat (EH Bildu).
Hirugarren bozketan bi idazkaritzak izendatuko dira, lehena Ion Aiartzak (EAJ) hartuko du, eta bigarrena Eraitz Saez de Egilazek (EH Bildu).PP hirugarren legealdiz geratuko da ordezkaririk gabe Legebiltzarreko organo errektorean. Sumar eta Vox ere ez dira bertan izango, bakoitzak parlamentari bat duela.
Eratze-bilkura amaitzean, lehendakariak maiatzaren 16ko osoko bilkurarako deia egingo du, eta, bertan, legebiltzarkideen Bateraezintasunen Behin-behineko Batzordea aukeratuko da. Batzorde horrek maiatzaren 23ra eramango du bere irizpena.
Egun horretan jakinaraziko du Legebiltzarreko presidentea hurrengo lehendakaria izendatzeko saioa, ekainaren erdialdetik aurrera. Ziurrenik, Imanol Pradales jeltzalea izango da Auria Enea jauregiko hurrengo maizterra, eta lehen bozketan izendatuko dute, EAJren eta PSE-EEren babesarekin.