Politika -

HAUTESKUNDEAK

PSC ere ERCri begira jarri da, eta Illaren inbestidura ahalbidetzeko eskatu dio

Nuria Parlonek esan du inola ere ez diotela Puigdemonten inbestidurari bide emango, baina alderdi guztiekin hitz egiteko prest omen daude, "gorrotoa sustatzen dutenekin izan ezik".

Nuria Parlon, PSCkoa. Argazkia: EITB
Nuria Parlon, PSCkoa. Argazkia: EITB
PSC: ''Indar guztiekin negoziatzeko prest gaude, Junts barne, Kataluniako gobernagarritasuna bermatzeko''

1:22

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSC, Junts bezalaxe, ERCri begira jarri da, eta Salvador Illaren inbestidura ahalbidetzeko eskatu dio, hauteskundeen irabazlea izan delako eta independentismoak galdutako pisuarekin herritarrek aldaketa bat eskatu dutela iritzi diolako.

Nuria Parlonek (PSC) prentsaurrekoa eman du hauteskundeen emaitzaren balorazioa egiteko eta Salvador Illa hautagaiaren inbestidura ahalbidetuko lukeen babesen bila arituko den negoziazio batzordea osatu dutela iragartzeko.

Horren harira, jakinarazi du sozialistak alderdi guztiekin hitz egiteko prest daudela, "gorrotoa sustatzen dutenekin izan ezik", Voxi eta Aliança Catalanari erreferentzia eginez.

PSC ERCri zuzendu zaio Illaren Gobernu bat osatzea ahalbidetu dezala eskatzeko, nahiz eta oposiziotik egin, eta gogorarazi dio PSCk ERCri babesa eman izan diola oposiziotik, aurrekontuen onarpenean, besteak beste.

Carles Puigdemont Juntsen hautagaiak inbestidurara aurkezteko duen asmoaz ere galdetu diote Parloni agerraldian, eta erantzun du PSCk ez duela erraztuko, nahiz eta berekin hitz egiteko prest egon legegintzaldiak aurrera egin dezan.

PSCk irabazi zituen igande honetan egin diren Kataluniako Parlamenturako hauteskundeak. Salvador Illa buru duen alderdiak 42 eserleku izango ditu Parlamentu berrian, botoen % 27,93 lortuta. 

CAT-Junts izan zen bigarrena, 35 eserlekurekin, botoen % 21,64 eskuratuta, eta ERC hirugarrena, 20 eserleku eta botoen % 13,69rekin. CAT-Juntsek 3 eserleku irabazi ditu, eta 13 galdu, berriz, ERCk, kolpe gogorra jasota.

PP laugarren geratu zen, 15 eserlekurekin (botoen % 10,95), 12 eserleku gehiago lortu eta Vox aurreratuz. Eskuin muturra bosgarrena izan da, 11 eserleku eskuratuz (botoen % 7,95), 2021ean zituen berdinak. 

Comuns Sumar koalizioak 6 eserleku izango ditu (botoen % 5,81), 2 galduz; CUPek 4 (botoen % 4,08), 5 galduz; eta Aliança Catalanak 2 ordezkari eskuratu ditu (botoen % 3,80).

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Albisteak PSOE Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako hauteskundeak Oriol Junqueras albisteak Kataluniako Generalitatea Junts per Catalunya