Politika -

EUSKO LEGEBILTZARRA

Nolakoa da hemiziklo berria? Aurpegi berri ugari, 50 urte batez beste, eta gehienak emakumeak

XIII. legealdiko Legebiltzar berriak emakumezko ordezkarien gehiengoa izango du, eta inoizko abertzaleena izango da. Eserlekuen erdiak “hasiberrientzat” izango dira, eta diputatu beteranoena Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentea izango da.

Legebiltzar berriaren ezaugarri nagusiak. EITB Media
Legebiltzar berriaren ezaugarri nagusiak
Legebiltzar berriaren ezaugarri nagusiak. EITB Media

IKER GOMEZ | IBAN GARATE | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

XIII. legealdiko Legebiltzarrean, emakumezkoak izango dira nagusi, eta inoizko abertzaleena izango da. Eserlekuen erdiak "hasiberriek" hartuko dituzte, eta diputatu beteranoena Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentea izango da. Hauek dira hemiziklo berriaren ezaugarri esanguratsuenak:

Inoizko abertzaleena

Guztira 75 legebiltzarkidek osatuko dute ganbera berria. Horietatik 54 EAJ eta EH Bilduko ordezkariak izango dira, eta, hortaz, inoizko Legebiltzarrik abertzaleena izango da agintaldi honetakoa.

Inoiz baino emakume gehiago

Aurreko agintaldia ere emakume gehiagorekin hasi bazen ere, oraingo emakume kopurua inoizko handiena izango da Legebiltzarrean. Guztira 39 emakume eta 36 gizonezko eseriko dira hemizikloan.

EH Bildu da emakume gehien dituen taldea, eserlekuei dagokienez: 27 ordezkaritik 15 (% 56), hain zuzen ere. Ehunekoei dagokienez, Alderdi Popularrak 5 emakume eta 2 gizon izango ditu, hau da, popularren ordezkarien % 71 izango dira emakumeak. Taldean EAJk izango ditu gizon gehien (15 gizon eta 12 emakume), eta PSE-EEk gizon eta emakume kopuru bera izango du.

Batez besteko adina, 50 urtekoa

Legebiltzarkideek batez beste 50 urte dituzte. Talde "gazteena" EH Bildurena izango da, batez beste 44 urte baitituzte. Hain zuzen ere, EH Bilduren bi ordezkari, Edurne Benito del Valle eta Eraitz Saez de Egilaz, dira gazteenak (27 urte dituzte biek). Miren Gallastegui sozialista da zaharrena (63 urte ditu).

EH Bilduren atzetik, alderdi "gazteena" EAJ izango da, 48 urteko batez bestekoarekin. PSE-EEko eta PPko ordezkarien batez besteko adina, aldiz, 50 urtekoa izango da. Sumarreko ordezkari bakarrak, Jon Hernandezek, 45 urte ditu, eta Voxekoak, 56.

Hamar legebiltzarkidetik lau 46 eta 55 urte bitartekoak dira. Ez dago 27 urtetik beherako ordezkaririk, ezta 63 urtetik gorakorik ere.

Beteranoak eta berriak

Legebiltzarkide "berriak" % 48 izango dira oraingoan hemizikloan: legebiltzarkideen 39k errepikatuko dute, eta 36 legegintzaldi honetan estreinatuko dira.

EH Bilduko 27 legebiltzarkideetatik 14 berriak izango dira, eta EAJko 27etatik 11k ere debuta egingo dute ganberan.

Legebiltzarrean denbora gehien daraman ordezkaria Bakartxo Tejeria da, ganberako presidentea, hain zuzen ere. Zazpigarren legegintzaldia izango du, eta laugarrena Legebiltzarreko presidente gisa.

Joan den legegintzaldian hainbat ordezkari beteranok utzi zuten ganbera. Joseba Egibarrek edo Carmelo Barriok 34 urte eman zituzten euren taldeen ordezkari. Iñigo Urkullu lehendakaria hiru hamarkadaz legebiltzarkide aritu da, Idoia Mendia 23 urtez eta Carlos Iturgaitz 16 urtez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Eusko Legebiltzarra EAE albisteak EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Vox Sumar Mugimendua Alderdi politikoak