Politika -
Titular nagusiak
Albiste izango dira: Kanpaina amaiera Katalunian, E9ko hauteskundeetarako mahaien zozketa eta Gazako egoera
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko maiatzaren 10ean, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Kanpaina amaiera Katalunian: Kataluniako Parlamenturako hauteskunde kanpaina azken txanpan sartu da, igandean egingo baitira hauteskundeak. Kanpainaren azken egunean, Espainiako buruzagi politikoek protagonismoa bereganatu nahi izango dute berriro. Pedro Sanchez (PSOE) eta Santiago Abascal (Vox) Bartzelonan egongo dira, Alberto Nuñez Feijoo (PP) L'Hospitalet de Llobregat udalerrian eta Yolanda Diaz (Sumar) Cornella de Llobregat udalerrian.
- Europako hauteskundeetarako mahaien zozketa: Europako hauteskundeak ekainaren 9an egingo dira, eta Hego Euskal Herriko hiriburuen artean Bilbo eta Donostia izango dira hauteskunde mahaiak osatzeko zozketak egiten lehenak. Donostiako Udalak ostiral honetan bertan egingo du zozketa, Udalinforen bulegoan (Easo kalea, 41). Ondoren, emaitzak udalaren webgunean argitaratuko dira. Bilboko Udalak ere gaur egingo du zozketa. Halaber, astelehenean gauza bera egingo dute Gasteizen eta Iruñean.
- Gazako egoera: Egipton, su etenerako akordiorik gabe amaitu dituzte negoziazioak Israelek eta Hamasek. Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak Israeli arma gehiago ez bidaltzearekin mehatxu egin ondoren, Benjamin Netanyahu lehen ministroak esan du, AEBren armekin edo gabe, bakarrik bada ere, Hamas suntsitu arte borroka egingo dutela, ez dutela beste aukerarik.