Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Sarean delituek "gora" egin duten bitartean "kalean" behera egin dutela nabarmendu du Erkorekak
2023ko delituen memoriaren inguruan galdetuta, kriminalitatearen areagotzea ziberdelituen hazkundeak eragin duela azaldu du. Bestalde, lokatza euskal politikan ere badagoela azpimarratu du, eta horien atzean ez daudela ez eskuina eta ezta eskuin muturra ere.
O. A. | EiTB Media
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak 2023ko delituen memoria errepasatu du eta azpimarratu du kaleko delituek "behera" egin dutela sarean delituek "ziztu bizian" gora egin duten bitartean.
Azaldu duenez, hedabide batzuetan argitaratutako informazioak arriskua kalean dagoela irudikatu badezake ere, kaleko delituak jaitsi egin dira eta "oro har" ez du igoera nabarmenik izan. Aitzitik, "muga sinestezinetaraino" igo dira sarea erabiliz eta sarean egindako delituak.
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan nabarmendu duenez, ziberdelituen hazkundeak eragin du, funtsean, kriminalitatea areagotzea.
Bestalde, bere ibilbide politikoaren errepasoa egiterakoan Diputatuen Kongresuan EAJren bozeramaile zela bizitako momentu gogorrak gogoratu ditu, bereziki, Jose Maria Aznar Espainiako presidente zen garaian. Erkorekak onartu du harriturik gelditu zela jeltzaleen aurkako "irainekin" eta "deskalifikazioekin", eta gaineratu du Aznarrek "obsesioa" zuela beraiekin eta etengabe iraindu eta "hiltzaile" deitzen ziela.
Edozein kasutan, "lokatz makina" asko daudela salatu du, baita "hemen" ere, eta horien atzean ez daudela ez eskuina eta ezta eskuin muturra ere. Euskal politika jarraituta horiek identifikatzea "erraza" dela esan du, inori zuzenean ezer leporatu gabe.