Politika -
Elkarrizketa
Gabriel Rufian: "Errespetatzen gaituztenekin negoziatu eta adostu behar du ERCk"
Kongresuko bozeramaileak esan du "desberdinen arteko akordioa" dela "oraina eta etorkizuna".
eitb media
Gabriel Rufian ERCk Kongresuan duen bozeramaileak esan du bere alderdia "errespetatzen duenarekin negoziatu eta adostu" behar duela ERCk igandeko hauteskundeen ostean.
Ordezkari errepublikanoak Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, hauteskundeetan gertatzen dena gora-behera (PSCk irabaziko duela eta independentistek gehiengo osorik ez dutela izango aurreikusten dute inkestek), "desberdinen arteko akordioa da oraina eta etorkizuna".
Horren harira, eta balizko blokeo egoera bat sortu daitekeela eta, gaineratu du haien lana dela akordioetara iristea, eta "eskuindarrek irabazten" dutela ezkertiarrak adostasunera iristeko gai ez direnean eta herritarrak behin eta berriz hauteslekuetara joatera behartzen direnean.
Rufianek aitortu du Kataluniako Gobernua gidatzeak, "kudeatzeak", "kalte" egiten diela hauteskundeei begira, eta are gehiago egiten duela ERCren kasuan, "bakarrik eta gutxiengoan" agintzen dutelako.
Gainera, gogorarazi du azken hauteskundeetako joerak erakusten duela ERCren "boto-emaile historikoa etxean" geratu dela, eta azkenaldian aldarrikatu duten "emozioa" ezin izan dutela erabili hauteskundeotan, "Gobernua kudeatzen zailagoa" delako.
Rufianek azpimarratu du ERCren proposamen nagusia, "aspalditik", Kataluniak "finantzazio justuagoa" izatea dela, "inori kalterik egin gabe eta beste erkidegoekin lehian hasi gabe". Horren harira, esan du Alberto Nuñez Feijoo PPren buruzagiak berak ere "autonomien finantzazioan aldaketak egitea" eskatzen zuela Galiziako presidente zenean.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak bost egunez gogoeta egin ostean karguan jarraitzeko hartu duen erabakiaren harira, esan du orain "zehaztu" egin behar duela zein aldaketa egin asmo duen Estatua demokratizatzeko.