Politika -
EUSKADI IRRATIA
Estebanek uste du Katalunian "blokeo arriskua erreala" dela
Diputatu jeltzalearen ustez, maiatzaren 12ko hauteskundeek Katalunian marraztuko duten agertoki politiko berriak goitik behera baldintzatuko du Espainiako Gobernuaren "garapena". Horren baitan egon daiteke, bere hitzetan, legealdia amaitzea edo ez.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Igandean egingo diren Kataluniako Hauteskundeei begira daude alderdiak, boz horietatik aterako diren emaitzek eragin zuzena izango baitute, besteak beste, Espainiako Gobernuan. "Blokeo arriskua erreala da" eta "ikusteko dago gehiengoa osatzeko gai diren". "Kataluniako Gobernua zela osatuko den ikusita, aztertuko dugu Madrilgo legealdiaren garapena. Hainbat gauza daude jokoan". Hitzok Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen diputatuak esan ditu, Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan.
Buruzagi jeltzaleak azaldu du "zail" ikusten duela "gehiengoak osatzea" Katalunian, egun dagoen giro politikoa kontuan hartuta. "Kataluniako Gobernua moldatzen bada, Espainiako aurrekontua aurrera ateratzeko aukera izango da, eta horrek legealdia amaitzea ahalbidetuko du. Baina, hala ez bada, ikusteko dago zer gertatuko den".
Nolanahi ere, Estebanek uste du "Amnistia Legea Kongresuan onartu arte, bare egongo dela eguraldi politikoa, Kataluniako alderdiei dagokienean". Hortik aurrera, hori bai, egoera eta aliantzak aldatu egingo direla iritzi dio.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarritako "erregenerazio demokratikoaren" bidetik autogobernuan sakontzeko aukerarik ikusten duen galdetuta, EAJko diputatuak erantzun du "autogobernuaren aldeko urratsak" Kongresuan eguneroko jardunean eman behar direla, "zentralistak eta murriztaileak diren erabakiei aurre eginez". "Hori da, hain justu, EH Bilduk egin ez duena Madrilen", kritikatu du.
Horrekin lotuta, Sekretu Ofizialen Legea berritzeko "itxaropen handirik ez" duela ziurtatu du, "zirrikituren bat" zabal litekeela aitortu badu ere. "PSOEk berak urtetan atzera bota izan dut tramitazioa. Hitz onak bai, baina gero geldiarazi egiten dute".