Politika -
XIII. Legegintzaldia
Eusko Legebiltzarra osatzeko osoko bilkura maiatzaren 14an egin liteke
Legebiltzarreko Mahaia osatuta, hurrengo astean bateraezintasunen saioa egingo litzateke, eta lehendakaria izendatzeko saioa, berriz, ekainaren erdialdera, ekainaren 9ko Europako hauteskundeak pasata.
EITB Media
Maiatzaren 14an egin liteke Eusko Legebiltzarra eratzeko osoko bilkura. Legebiltzarreko Mahaia osatuko litzateke egun horretan, eta hurrengo astean helduko litzaieke bateraezintasunei. Ekainaren erdialdera ospatuko litzateke lehendakaria izendatzeko saioa, ekainaren 9ko Europako hauteskundeen ostean.
Horiek dira XIII. legegintzaldiari hasiera emateko aurreikusten diren datak, baina ez dira behin-betikoak izango Legebiltzarreko presidenteak hala baieztatu arte. Bakartxo Tejeria izango da berriro ere, Mahaiko presidentea.
Akreditazioak aurkeztea
Joan den apirilaren 21eko hauteskundeetan aukeratuak izan ziren ordezkari politikoak ostiral honetan hasi dira euren akreditazioak aurkezten. Talde Mistoa partekatuko duten Sumarreko ordezkari Jon Hernandez, eta Voxeko Amaia Martinez izan dira euren agiriak aurkezten lehenak.
Hala ere, Legebiltzarra eratzeko atzera kontaketa datorren astelehenean hasiko da, jeltzaleen akreditazioarekin, izan ere beharrezkoa da legebiltzarkideen heren batek (25) akreditazioak aurkeztea egutegi hori martxan jartzeko. Egun horretatik aurrera, Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorreko Presidenteak bilkura eratzailea deituko du 15 egunen buruan.
Maiatzak 6: Akreditazioa aurkeztuko dute EAJko 27 parlamentariek, tartean Imanol Pradales, itxuren arabera hurrengo lehendakari izango dena.
Maiatzak 7: Ziurrenik XIII. legegintzaldirako EAJrekin koalizioko bazkide izango den PSE-EEko 12 parlamentariek euren agiriak aurkeztuko dituzte.
Maiatzak 8: Alderdi Popularreko zazpi legebiltzarkideek aurkeztuko entregatuko dituzte ziurtagiriak.
Maiatzak 13: EH Bilduko 27 legebiltzarkideak izango dira akreditazioak aurkezten azkenak.
Saio eratzailea eta inbestidura saioa
Legebiltzarra maiatzaren 24a baino lehen era dadin nahi dute alderdiek, egun horretan hasiko baita ekainaren 9an ospatuko diren Europako hauteskundeetarako kanpaina.
Joan den astelehenean abiatu ziren EAJ eta PSE-EEren negoziazioen lehen fase batean eztabaidatuko da Legebiltzarreko Mahaiaren osaera. Ordezkariak oraindik zehazteke dauden arren, jakina da Bakartxo Tejeria izango da presidentea. Fase honetan egingo da, halaber, bateraezintasunen osoko bilkura.
Ondoren helduko diote programa-akordioari eta Jaurlaritzaren osaerari, Imanol Pradales buru dela. Bigarren fase hau, ordea, Europako Parlamenturako ekainaren 9ko hauteskundeen ostean hasiko da.
Lehendakariaren inbestidura saioa ekainaren erdialdera ospatzea aurreikusten da eta momentuz Imanol Pradales da baieztatuta dagoen hautagai bakarra. EH Bilduk ez du argitu Pello Otxandiano aurkeztuko ote duen lehendakari izateko. Azken bi legegintzaldietan Maddalen Iriarte aurkeztu zuen koalizioak inbestidura saiorako, hautatua izateko aukerarik ez bazuen ere.