Politika -
Eusko Legebiltzarra
Talde Mistoa osatuko duten bi legebiltzarkideek beren aktak jaso dituzte
Sumar eta Voxeko legebiltzarkideak izan dira akreditatzen aurrenekoak, Jon Hernandez eta Amaia Martinez, hurrenez hurren. Eusko Legebiltzarreko Mahaiak erabakiko du Talde Mistoan denborak eta batzordeak nola banatuko diren, biek baztertu baitute akordioa lortzeko aukera.
EiTB Media
Apirilaren 21eko hauteskundeetan aukeratuak izan ziren legebiltzarkideak gaur hasi dira aktak jasotzen, eta, hain zuzen ere, legegintzaldi honetan Talde Mistoa osatuko duten bi legebiltzarkideak izan dira akreditatzen aurrenekoak.
Jon Hernandez Sumarreko ordezkaria izan da lehena, 11:00etan, eta ordubete geroago Voxeko Amaia Martinezen txanda izan da.
Ezker konfederalak eta ultraeskuinak Talde Mistoa osatuko dute XIII. legegintzaldian, eta, ondorioz, denborak eta Eusko Legebiltzarreko batzordeak nola banatu adostu beharko dute. Sumarrek eta Voxek akordio batera iristeko aukera baztertu dute, eta, hortaz, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak izango du Talde Mistoaren funtzionamenduari buruzko azken hitza.
Jon Hernandez Sumarreko legebiltzarkidea ezker konfederalaren lehendakarigaia den Alba Garcia alboan zuela joan da Eusko Legebiltzarrera. Kazetarien aurrean egindako adierazpenetan azaldu dutenez, oposiziotik lan egingo dute, "umiltasunez", ezkerreko politikak bultzatzeko. Eskubide sozialak defendatzea izango da beraien lehentasuna, etxebizitza eskubidea eta osasun publikoa, besteak beste.
Ezker Anitzako kide izan arren, Jon Hernandezek Sumar koalizioaren baitan lan egingo duela azpimarratu dute. Halaber, ordezkaritzarik gabe gelditu den Alba Garciak Eusko Legebiltzarrean lan egingo du, nola zehaztu ez badute ere.
Amaia Martinez Voxeko hautetsiak espero du hastear den legegintzaldian bere taldearen aurkako 'osasun hesirik' ez onartzea. Izan ere, aurreko legegintzaldia EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk ez zuten parte hartzen Voxek proposatutako eztabaidetan.
Epeak
Datorren astelehenean (maiatzak 6) akreditatuko dira EAJko legebiltzarkideak (27) eta orduan hasiko da Eusko Legebiltzarra osatzeko atzerako kontaketa, parlamentarien heren batek akta jasotzen duenean hasten baita kontatzen. Beraz, astelehenetik hasita 15 eguneko epean osatu beharko da XIII. legealdiko Eusko Legebiltzarra. Asteartean elkartuko da Legebiltzarreko Mahaia eta orduan iragarriko du Bakartxo Tejeria presidenteak noiz egingo den Gasteizko ganbera eratzeko osoko bilkura. Antza denez, maiatzaren 14an egiteko proposamena dago mahai gainean.
Asteartean, maiatzak 7, PSE-EEko 12 legebiltzarkideen txanda izango da. Biharamunean joango dira PPko zazpi hautetsiak Eusko Legebiltzarrera. Halaber, maiatzaren 13an beren aktak jasoko dituzte EH Bilduko legebiltzarkideek, eta koalizioak aurreratu du Nerea Kortajarena izango dela aurrerantzean ere bozeramailea.