Politika -
Titular nagusiak
Albiste izango dira: Legebiltzarkideen akreditazioa, antxoa eta berdel kostera eta Prentsa Askatasunaren Eguna
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko maiatzaren 3an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Legebiltzarkideen akreditazioa: Apirilaren 21eko hauteskundeetan aukeratuak izan ziren legebiltzarkideek gaurtik aurrera jaso ahal dituzte beren aktak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hauteskunde-batzordeen izendapen prozesua helegiterik gabe amaitu ondoren. Sumar eta Voxeko legebiltzarkideak izango dira akreditatzen aurrenekoak, Jon Hernandez (11:00) eta Amaia Martinez (12:00), hurrenez hurren. Astelehenean akreditatuko dira EAJko legebiltzarkideak (27). Gauzak horrela, datorren astelehenean (maiatzak 6) hasiko da Eusko Legebiltzarra osatzeko atzerako kontaketa, parlamentarien heren batek akta jasotzen duenean hasten baita kontatzen. Beraz, astelehenetik hasita 15 eguneko epean osatu beharko da XIII. legealdiko Eusko Legebiltzarra.
- Antxoa eta berdel kanpaina: Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko jarduneko sailburuak antxoaren eta berdelaren kanpainen behin-behineko datuak aurkeztuko ditu Getariako Antxuaren egunean. Prentsaurrekoan izango dira, halaber, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagaien Politikako sailburuordea, Bittor Oroz, Arrantza eta Akuikulturako zuzendaria, Leandro Azkue, Getariako alkate Haritz Alberdi, Getariako Kofradiako presidentea Emeterio Urresti eta Gipuzkoako eta Bizkaiko Kofradietako presidenteak Eugenio Elduayen eta Eusebio Arantzamendi, hurrenez hurren.
- Prentsa Askatasunaren Mundu Eguna: Mugarik Gabeko Erreportarien Elkarteak ohartarazi duenez, kazetariek geroz eta presio politiko gehiago jasaten dituzte mundu mailako prentsa askatasuna arriskuan jarriz. Herrialde eskandinaviarrak dira, Norvegia, Danimarka eta Suedia tartean, kazetaritza askatasunez egiteko onenak. Zerrendaren azken postuetan ageri dira, ordea, Siria, Afganistan eta Txina. Espainiak eta Frantziak euren postuak hobetu dituzte.