Politika -
'Koldo auzia'
Cerdanek ukatu egin du Koldo bere "ikaslea" zela eta auzian "erantzukizun juridikoa" izan zuela
Koldo Garciak "inoiz" ez duela berarentzat lan egin esan du PSOEko Antolakuntza idazkariak Senatuko ikerketa batzordeko agerraldian.
Agentziak | EiTB Media
Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkariak ukatu egin du "Koldo auzia" deiturikoan "erantzukizun juridikoa" izan zuela —Jose Luis Abalos Garraio ministro ohiaren aholkulari izandakoak ez baitzuen "inoiz" berarentzat lan egin—, eta Koldo Garcia bere "ikaslea" izan zela.
Auzitegi Nazionalak ikerketa abiatu du pandemia garaian erakunde publikoei maskarak saltzerakoan ustez kobratu ziren legez kanpoko komisioengatik, eta Koldo Garcia ikerketapean jarri du.
Auziari lotuta Senatuan martxan den ikerketa batzordean hitz egin du gaur PSOEko hirugarrena denak. Azaldu duenez, hedabideen bitartez jakin zuen ustezko ustelkeria sare horren berri, eta gaia argitara zenetik ez du Koldo Garciarekin hitz egin.
"Ez dut inolako erantzukizun juridikorik berak egin zitzakeen ekintzetan, inoiz ez baitu zuzenean niretzat lan egin", esan du.
Halaber, Cerdanek ukatu egin du Koldo Garcia bere "ikaslea" izan zela edo Nafarroako Alderdi Sozialistaren (PSN) barruan goratu zuela. Foru erkidegoko Antolakuntza idazkaria zen garaian Garcia Uharteko zinegotzia izan zen, baina aurkeztutako zerrenda babestu baino ez zuela egin azpimarratu du.
Dena den, onartu du 2017ko PSOEko hauteskunde primarioetan Pedro Sanchezen abalak zaintzeko boluntario lanak egin zituela Garciak, eta gero bere burua proposatu zuela Abalosen gidari izateko.