Politika -

Espainiako Gobernua

Sanchezek bere aurkako "jazarpena eta erasoak areagotu" egingo direla uste du

"Diputatuekin, oposizioko buruekin, noski baietz, guztiekin hitz egingo dut (...) baina Feijoori entzunda badakit nondik joko duen. Ziur nago jazarpen hori areagotu egingo dela, ez direla geldituko", azpimarratu du Espainiako gobernuburuak.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea. Irudia: TVE
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea. Irudia: TVE
Sanchezek dio bere emaztea izan zela dimisioa ez emateko eskatu zion lehena

1:19

Eriz Lotina | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak gaur esan du ziur dagoela bere aurkako "jazarpena eta erasoak areagotu" egingo direla.

TVEn egindako elkarrizketa batean, Sanchezek Alberto Nuñez Feijoo PPko buruzagiarekin eta Kongresuko gainerako diputatu eta oposizioko buruekin "demokraziaren egoeraz" hitz egiteko asmoa agertu du.

"Diputatuekin, oposizioko buruekin, noski baietz, guztiekin hitz egingo dut (...) baina Feijoori entzunda badakit nondik joko duen. Ziur nago jazarpen hori areagotu egingo dela, ez direla geldituko", nabarmendu du Sanchezek. Eskuinak "demokraziaren etsai" gisa aurkeztea kritikatu du gobernuburuak.

Gainera, Espainiako Gobernuko presidenteak adierazi du bere emaztea izan zela karguan jarraitu ala ez erabakitzeko eman den bost eguneko hausnarketan dimisioa ez emateko eskatu zion lehena, eta uste du berak eta herritarrek gogoeta hori behar zutela.

Sanchezek azaldu duenez, bere emazteak ez zuen bere hausnarketa-aldiaren berri izan herritarrei idatzitako gutuna sare sozialetan argitaratu zuen arte, eta ziurtatu du hasiera-hasieratik esan ziola dimisioa ez emateko.

"Bera izan zen dimisioa ez emateko eskatu zidan lehena", nabarmendu du, asteazkenean dimisioa ematea erabaki ez zuela adierazi aurretik, baina aukera hori gero mahai gainean egon zela onartu du.

Azpimarratu duenez, gelditu beharra zuen, eta bost egun horiek ez ditu ahaztuko, ez politikoki ez pertsonalki, bere alde eta demokraziaren alde izan diren mobilizazioen ondoren.

"Gezur, gorroto, maltzurkeri, difamazio eta eztabaida publikoaren perbertsioaren aurka" zer egin behar den eztabaidatzeko balio izan dute mobilizazio horiek.

"Nik eta herritarrek beraiek behar genituen bost egun horiek (...) Ez da niri bakarrik eragiten didan arazo bat; demokraziari eragiten dion gai bat da", erantsi du.

Autokritikarik onartzen duen galdetu diotenean, arazoaren aurrean lehenago ekin ez izana aurpegiratu dio gobernuburuak bere buruari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak