Politika -

KATALUNIAKO HAUTESKUNDEAK

Sanchez gaur TVEri eskaintzekoa den elkarrizketa debekatzea eskatu diote Hauteskunde Batzordeari ERCk eta PPk

Bi alderdiok uste dute Katalunian maiatzaren 12rako deituta dauden bozen atarian, autopromoziorako erabiliko duela Espainiako Gobernuko presidenteak gauean TVE telebista publikoan egingo dioten elkarrizketa.

Pere Aragonès (ERC), artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Pere Aragonès (ERC), artxiboko irudi batean.
Pere Aragonès (ERC), artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak gaur iluntzean TVE Espainiako telebista-kate publikoan (21:00etan) iragarri duen elkarrizketa debekatzea eskatu diote ERC eta PP alderdiek Hauteskunde Batzorde Zentralari. Bi alderdiok uste dute Kataluniako hauteskunde kanpainaren legea urratzen ari dela gobernuburu sozialista.

Hauteskunde batzordeari igorritako idatzian, ERCk dio Sanchezek presidente karguan jarraitu behar duela esateak ez duela justifikatzen kanpaina erdian hedabide publiko batean elkarrizketa bat eskaintzea. Hauteskunde kutsua izango du saio horrek, alderdi independentistaren iritzian. Sanchezi tartea eskainiz gero, gainerako alderdiei ere baldintza berdinetan aukera ematea eskatu dute.

Horrez gain, Espainiako Ikerketa Soziologikoen Institutuak (CIS) gaur kaleratu duen azken orduko inkesta laburra ere salatu du ERCk, horren atzean ere "helburu politikoak" daudela iritzita.

Ildo beretik mintzatu da Alderdi Popularra ere. Elkarrizketa eta galdeketa, biek hauteskunde helburua dutela uste dute popularrek.

Arratsaldeko azken orduan, Haueskunde Batzorde Zentralak jakinarazi du "oraingoz" jaso duten idatzi bakarra PPrena izan dela, baina gaurko bileran ez dutela hori aztertzerik izan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika PSOE PP Alderdi politikoak Pedro Sánchez Hauteskunde legearen erreforma 2015 Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako hauteskundeak Hauteskundeak ERC