Politika -
Elkarrizketa
Ibarrolak alderdiaren babesa sentitzen du "boto kuota" irabazi eta erakundeak berreskuratzen ahalegintzeko
UPNren presidente izendatu berriak ez dio garrantziarik eman azken 40 urteetako babes txikiena jaso izanari, eta esan du "jendearen bizitza erraztea" izango dela bere politikaren muina.
eitb media
Cristina Ibarrola UPNren presidenteak esan du alderdikideen babes nahikoa sentitzen duela UPNren proiektua gidatzeko eta "boto kuota" irabazten saiatzeko, azken urteetan galdutako erakundeak berreskuratzeko helburuarekin.
Pasa den igandean egin zuen Kongresua UPNk, eta afiliatuen herenak bakarrik bozkatu zuen. Horietatik, % 81ek eman zion babesa Ibarrolari, eta azken 40 urteetan babes txikiena jaso duen presidentea izan den arren, Ibarrolak dio "nahikoa babes" sentitzen duela alderdikideen partetik.
Ibarrolak gogorarazi du UPN dela Nafarroan afiliatu eta boto gehien duen alderdia, baina hala ere, esan du helburua "boto kuota" irabaztea dela erakundeak berreskuratzeko.
PSNk EH Bildurekin itunak eginez "marra gorriak gurutzatu" zituela eta, erakundeen galera horren ondorio dela kritikatu du Iruñeko zinegotzi ere badenak.
Horren harira, esan du UPN guztiekin, EH Bildurekin izan ezik, hitz egiteko prest dagoela, baina zail dirudiela uneotan PSNrekin akordioak lortzea, alderdi hori izan delako "atea itxi" duena, Iruñeko Udaleko zentsura mozioaren aurrean, besteak beste.
Ibarrolak azpimarratu du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen politika dela EH Bildurekin itunak egitea, eta uste du hor aldaketaren bat izateko aukera egongo litzatekeela "Espainiak izan duen presidente okerrenak" gaur dimisioa emango balu (Sanchezen agerraldiaren aurretik egindako elkarrizketa).