Politika -
A21EKO HAUTESKUNDEAK
EAJk eta PSE-EEk Eusko Legebiltzarreko organoen eraketa zehaztu dute
Bi alderdiek bat datoz Mahaia eratzeko bilkura eta Bateraezintasunen Osoko Bilkura Europako Hauteskundeen kanpaina hasi aurretik egitean. Maiatzaren 23an da kanpaina hastekoa.
EiTB Media
Andoni Ortuzar EBBko presidentea eta Eneko Andueza PSE-EEren idazkari nagusia buru zirela, jeltzaleek eta sozialistek A21eko hauteskundeen ondorengo lehen bilera formala egin dute astelehen honetan, Bilbon.
EAJk adierazi duenez, lehen bilera honetan, bi ordezkaritzek "prozesuaren lehen faseari" heldu diote, hau da, Eusko Legebiltzarreko organoen eraketari. Bi alderdiek nahi dute Mahaia eratzeko bilkura eta Bateraezintasunen Osoko Bilkura Europako Hauteskundeen kanpaina hasi aurretik egitea, hau da, maiatzaren 23a baino lehen.
Ildo horretan, EAJk bere taldeko legebiltzarkideak datorren astelehenean, maiatzaren 6an, akreditatzeko asmoa du; PSE-EEk, berriz, maiatzaren 7an egingo du.
"Negoziazioaren bigarren fasean" gobernu berriaren egiturari buruzko negoziazioa hasiko dute. Hala baieztatu dute aldeek. "Helburu partekatua da elkarrizketa horiek diskrezio giro beharrezko eta komenigarrian egin ahal izatea", gaineratu dute.
Hain zuzen, EAJren eta PSE-EEren arteko lehen bilera ofiziala, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak, bost eguneko hausnarketaren ostean, karguan jarraituko duela iragarri duen egunean izan da. 12:00ak aldera hasi da jeltzaleen eta sozialisten arteko hitzordua; zazpina ordezkari joan dira alde bakoitzetik.
Gaur zabaldu duten oharrean nabarmendu dutenez, "asmo handiko programa" eta Legebiltzarraren "babes zabala" abiapuntu gisa hartuta, Jaurlaritza "sendoa" osatzea da helburua, Euskadiri "egonkortasuna, ongizatea eta aurrerabidea" eskaintzeko eta datozen urteetako "erronka ugariei" aurre egin ahal izateko.
Hauteskundeetako emaitzei erreparatuta, EAJk eta PSE-EEk egungo koalizio gobernuari eutsi ahalko diote, gehiengo osoarekin, eta horrek Imanol Pradales jeltzalea bihurtuko luke lehendakari, bi alderdietako ordezkariak ados jarriz gero.
Jeltzaleek gainerako alderdiekin bilerarik ez egitea erabaki dute, Jaurlaritza sozialistekin errepikatzea posible bada. Bi aldeek lehenbailehen itxi nahi dute akordioa, "Euskadiren etorkizuneko erronkei, euskal herritarrek eskatzen dituzten hobekuntzei eta Euskadiren egonkortasuna blindatzeari lehenbailehen aurre egin ahal izateko".