Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
De Andres: "Zail ikusten dut akordioak lortzea, EAJk ezkerrarekin bilatzen ditu eta"
EAEko PPren presidentearen aburuz, emaitza "nabarmenak" lortu dituzte, baina "gehiagoren gogoz gelditu gara". EAJk eta PSE-EEk gehiengoa dutenez, "euren nahia inposatuko dute berriro". Sanchezi buruz galdetuta, "dimititzen badu, azaldu ez dituen beste gauza batzuengatik" izango dela esan du.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Javier de Andres Euskadiko PPren presidentearen arabera, "zaila" izango da legegintzaldi honetan jeltzaleekin akordioak lortzea, "EAJk ezkerrarekin bilatzen dituelako itunak". Azaldu duenez, PSE-EE dute "lehentasunezko bazkide", eta erantsi duenez, "atzo bertan iragarri zuen Ortuzarrek Bildurekin autogobernu eta subiranismoari buruzko akordioak egingo dituztela". Horren ildoan, aurreratu du PP ez dela egongo itun subiranista batean: "Batasunaren ontasuna bilatzeko norabide aldaketa bat egin beharko lukete, eta ez betiko moduan, haustura bilatu".
Radio Euskadiko "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketa batean, PPren buruzagiak EAEko hauteskundeetan lortutako emaitza "nabarmenak" azpimarratu ditu —7 eserleku erdietsi dituzte, aurrekoan baino bat gehiago, eta 2020an baino 36.000 boto gehiago—, boto igoera eta ordezkari kopurua modu bertsuan hazi ez direla deitoratu duen arren. "Gehiagoren gogoz gelditu gara", erantsi du, eta ganberan "paper garrantzitsuagoa izan nahi genuen", EAJk eta PSE-EEk gehiengo osoa dutenez, "euren nahia inposatuko dutelako berriro". Era berean, Eusko Legebiltzarreko Mahaian leku bat eskatu du, "aniztasunaren" adierazle.
Horren arabera, hauteskundeetan "EAJren botoak" lortu dituzte, eta ez du uste Voxen botorik jaso dutenik. Hori horrela, ez du uste eurak direnik ultraeskuinako alderdiaren igoeraren "erantzule" (parte hartzea igo izanari egotzi dio De Andresek hori).
Pedro Sanchezek astelehenean iragar lezakeenaz galdetuta, EAEko PPko buruak esan du Espainiako Gobernuak dimisioa ematen badu "azaldu ez dituen beste gauza batzuengatik" izango dela. "Gauza asko daude, eta ez du azalpenik eman... Isilik egon beharrean, azalpenak ematen eman beharko lituzke bost egunak", adierazi du.
De Andresen aburuz, Sanchezen erabakia "estrategia baten baitan" dago, ez baitu uste "tankera honetako salaketa bategatik hain minduta egon behar denik". Hala, "Espainiako politikan reset egitearen alde" egin du, eta "zentralitaterako akordio bat" galdegin du.
Azkenik, Manos Limpiasi buruz esan du "salaketa bat bestearen ondotik" aurkeztu duela: "Parean tokatzen zaion guztiari tiro egiten dio, eta sarri porrot egiten du".