Politika -

Sanchezen etenaldia

PSOEren milaka jarraitzaile elkartu dira Ferrazen, Batzorde Federalak Sanchez babestu duen bitartean

Pantaila erraldoi batean eman dituzte Batzorde Federaleko hitzaldiak, Ferrazen. Monterok alderdiaren babes osoa helarazi dio Sanchezi, eta geratzeko eskatu dio.

PSOEren jarraitzaileak, Ferrazeko egoitzaren aurrean. Argazkia: EFE
PSOEren jarraitzaileak, Ferrazeko egoitzaren aurrean. Argazkia: EFE
PSOEren militante eta jarraitzaile ugari bildu dira Ferrazen, Pedro Sanchezi babesa adierazteko

0:34

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSOEren militanteak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente eta Alderdi Sozialistaren idazkari nagusia babesteko elkarretaratze handia egin dute Madrilen, eta, aldi berean, PSOEren Batzorde Federala egin dute Ferrazen, eta pantaila erraldoi batean ikusi ahal izan dira hitzartzeak.

PSOEk Sanchezen aldeko ekitaldi bihurtu du Batzorde Federala, eta alderdiko buruzagien hitzartzeak zuzenean ikusi ahal izan dituzte milaka jarraitzailek.

Hasiera batean Europako hauteskundeetarako zerrendak berresteko deitu zuten Batzorde Federala, baina Sanchezen erabakiak aldatu egin zituen alderdiaren planak.

Hala ere, hitzorduari eustea erabaki zuten, eta bertan elkartu dira alderdiko buruzagi nagusiak, Espainiako Gobernuko presidente eta PSOEren idazkari nagusiari babesa emateko.

Maria Chivite: ''Karguan jarraitzeak merezi duela sentiarazi nahi diot presidenteari''
Maria Chivite: ''Karguan jarraitzeak merezi duela sentiarazi nahi diot presidenteari''
Maria Chivite: ''Karguan jarraitzeak merezi duela sentiarazi nahi diot presidenteari''

0:17

Hala, Maria Chivite Nafarroako presidente eta PSNren idazkari nagusiak bertaratu denean salatu duenez, "ezin da xantaiaren eta jazarpenaren bidez hautetsontzietan lortu ez dena lortu". 

"Nire gaurko helburua da presidenteak Nafarroako Alderdi Sozialistaren babesa jasotzea asteleheneko erabakiari begira", adierazi du.

"Nik uste dut herrialde honetan demokrazia dela gaur jokoan dagoena. Gaur-gaurkoz, Espainian bizikidetzaren oinarrian dauden printzipio demokratikoak daude jokoan", esan du, bestalde, Eneko Andueza PSE-EEren idazkari nagusiak Ferrazko egoitzara iritsi denean.

Eneko Andueza: ''Gaur demokrazia arriskuan dago''
Eneko Andueza: ''Gaur demokrazia arriskuan dago''
Eneko Andueza: ''Gaur demokrazia arriskuan dago''

1:13

Batzorde Federalaren hasieran, Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuko presidenteorde eta PSOEko bigarrenak presidente izaten jarraitzeko eskatu dio Sanchezi, eta haren gutunari erantzunez, "zintzoek irabaztea merezi dute", erantsi du.

Lehenengo aldiz irekian eman duten Batzorde Federalari hasiera emateko hitzaldian, Monterok babes osoa agertu dio Sanchezi, besteak beste, "Pedro, gera zaitez" eta "Presidente, gera zaitez" esanez.

"Pedro maitea, irakurri dugu zure gutuna eta jarraitzea merezi duen galdetzen zenuen. Uste dugu merezi duela jarraitzea enpleguan, pentsioetan, gutxieneko soldatan, emakumeen berdintasunean, zientziako gastuan, kulturan eta etxebizitza arloan hobekuntzak egiteko", esan du, Gobernuak abiatutako politika batzuei erreferentzia eginez.

Ogasun ministro ere badenak Sanchezi adierazi dio sozialistek behar dutela, bai Pedro Sanchez "ausartena" bai "gizatiarrena", eta eskuinari eta eskuin muturrari "gezurrak eta hitzezko indarkeria" baztertzeko deia egin die.

Horren harira, gaur zenbait hedabidek zabaldutako informazioak izan ditu hizpide, "Pedro Sanchezen eta bere familiaren aurkako gerra zikina duela hamarkada bat" hasi zela salatzeko, eta PPk 2014an egungo Espainiako Gobernuko presidenteari buruzko informazioak bilatzeko agindu zuela nabarmendu du.

Elkarretaratzea

Militanteen elkarretaratzea 11:00etan zen hastekoa, baina goizago hasi dira elkartzen Ferraz kaleko 70.aren inguruan. Deialdia ez zen ofiziala, baina bolo-bolo zabaldu da sare sozialetan eta PSOEren militanteen artean. Zuzendaritza Federaleko hainbat kidek deialdia hauspotu dute, eta jarraitzaileak bertaratzera bultzatu. 

PSOEren jarraitzaileak, Madrilen. Argazkia: EFE

10:30 aldera, militante eta jarraitzaileak bertaratu dira Ferraz kalean, eta trafikoa eten behar izan dute bertan, 12.500 pertsona inguru zeudelako presidentearen aldeko aldarrikapenak oihukatzen: "presidente", "aski da", "demokrazia", "ez zaude bakarrik" eta "ez dira pasako", besteak beste.

Antolatzaileek Espainiako banderak, errepublikanoak, PSOErenak eta Sanchezen aldeko bestelakoak banatu dituzte bertan euriari aurre eginez bildu direnen artean.

Ferrazko egoitzaren aurrean, gainera, pantaila erraldoi bat jarri dute Batzorde Federala jarraitzeko, eta une batean, PSOEko buruzagiak kalera atera dira, jarraitzaileekin batera Sanchezi gera dadila eskatzeko.

PSOEren hainbat federaziok —Andaluziakoa, Valentziakoa eta Gaztela eta Leongoa, besteak beste— autobusak kontratatu dituzte Madrilera joateko. Asturiaskoak ere, doako autobusak jarri ditu Gijondik. 

Euskadiko sozialistek zazpi autobus jarri dituzte. PSE-EEko iturrien arabera, EAEko 500 bat jarraitzaile inguru joan dira Espainiako hiriburura, Sanchezi babesa emateko; izan ere, alderdiak jarritako autobusez gain, asko auto partikularretan joan dira Madrilera.

PSNk autobus bakarra antolatu du. "Bihar bat egingo dugu askatasuna, demokrazia, zintzotasuna eta progresismoa oihukatzeko. Eskuin politiko, ekonomiko, mediatiko eta judizialaren manipulazioari eta gezurrei aski da esango diegu. Pedro Sanchezi BAI eta demokraziari BAI esango diogu", idatzi du Ramon Alzorriz Nafarroako Parlamentuko bozeramaile sozialista eta PSNko Antolakuntza idazkariak sare sozialetan, gaurko egunari begira.

PSOEren jarraitzaileak. Argazkia: EFE

Alderdi Sozialistako gazteek deialdia bultzatu dute, eta hainbat mezu zabaldu dituzte sare sozialetan, X eta TikTok sareetan besteak beste, Ferrazera joateko deia eginez. Izan ere, "Pedrok merezi du", horien arabera. 

Euskal Herrian ere izan dira Sanchezen aldeko elkarretaratzeak. Donostian, Errenterian, Eibarren eta Bilbon egin dituzte, Sanchezi babesa erakutsi eta karguan jarrai dezala eskatzeko. Eibarko Untzaga plazan, 50 bat lagun bildu dira ikurrinak eta PSE-EEren banderak eskuetan, Jon Iraola alkatea tartean. Donostian, Prim kaleko egoitzaren aurrean, ikurrik gabe, dozenaka lagunek txalo artean amaitu dute 15 minutuko bilkura.

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidente ohiak berak egin zuen mobilizaziorako deia ostegunean. 

Sanchezek etenaldia iragarri zuen asteazkenean, Moncloan jarraitu ala ez hausnartzeko, Begoña Gomez emaztearen aurkako ikerketa abiatu eta egun berean. Ordutik, bilkurak izan dira Ferraz kalean. Ostiralean bi egon ziren, Sanchezen aldeko bat eta kontrako beste bat egin izan baitziren.

PSOEk, bestalde, iragarri du asteartean egingo duela Europako hauteskundeetarako zerrendak onartzeko Batzorde Federala.

Pedro Sanchezen aldekoak eta kontrakoak Ferrazen bildu dira
Pedro Sanchezen aldekoak eta kontrakoak Ferrazen bildu dira
Pedro Sanchezen aldekoak eta kontrakoak Ferrazen bildu dira

0:44
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Espainiako Gobernua Espainia Alderdi politikoak Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Madril Manifestazioak