Politika -
M12
Pedro Sanchezen gutuna, Kataluniako hauteskunde-kanpaina hasieraren protagonista nagusia
Espainiako gobernuburuak herritarrei bidalitako gutunari egindako aipamenak Kataluniako hautagai guztien hitzaldietan izan dira.
Eriz Lotina | EITB Media
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak bertan behera utzi zuen asteazkenean bere agenda publikoa, emazteari salaketa eta ikerbidea abian jarri ostean karguan jarraituko ote duen pentsatzeko. Espainiako agintariaren erabakia Kataluniako hauteskunde-kanpaina hasieraren protagonista nagusia izan da. Sanchezek herritarrei bidalitako gutunari egindako aipamenak Kataluniako hautagai guztien hitzaldietan izan dira.
Hala, Pere Aragones Generalitateko presidente eta ERCko zerrendaburuak esan du bera ere erabat maiteminduta dagoela emaztearekin, baina ez duela ihes egingo "ultraeskuinak eraso egiten duenean".
Bartzelonako Jardinets de Gracian egindako kanpaina hasierako ekitaldian ohartarazi duenez, Sanchezen egoera pertsonalaz hitz egiten denean, "ustelkeria auziei buruz hitz egiteari uzten zaio", besteak beste, 'Koldo auzia' eta ' % 3a', bere ustez, herritarrek zerbitzu publikoetan duten konfiantza murriztuz, eta ERC politika zintzoaren alderdia dela defendatu du.
Oriol Junqueras ERCko presidenteak ere hitz egin du Sanchezi buruz, eta adierazi du "kosta" egiten zaiola ulertzea Espainiako Gobernuko presidenteak bost egun behar izatea Exekutiboaren buru izaten jarraitu nahi duen erabakitzeko.
Carles Puigdemont JxCateko presidentegaiak ere Espainiako Gobernuko presidentearen erabakia hizpide izan du: "Haiek baino hobeto ezagutzen dugu Espainiako Justizia, prentsa patriotikoa, ez digu inork azaldu behar. Ezagutzen ditugunez, negar eginda ateratzen gara etxetik".
JxCatek hauteskunde-kanpainari hasiera eman dio Argeles-Sur-Merreko Jean Carrere Spacen egindako ekitaldian. Bertan, hautagaitzaren mitin guztiak egingo dira, eta, zerrendaburuaz gain, Laura Borras alderdiko presidenteak eta Jordi Turull idazkari nagusiak ere hitza hartu dute.
Puigdemonten hitzaldiaren zati bat markatu du Sanchezen hausnarketak, baina JxCatek "PP eta PSOE koalizioaren" ezetza hausteko duen indarra ere aldarrikatu du, amnistia legeari edo Kataluniaren aitortza nazionalari erreferentzia eginez.
Bestalde, Salvador Illa PSCko buru eta presidentegaiak "aurkariaren suntsiketaren aurkako erresistentzia kolektiboa" eskatu du, eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari babesa eman dio: "Zurekin gaude. PSC zurekin dago".
PSCren kanpaina hasierako ekitaldian, Sanchezen presentziarik gabe, Illak babesa adierazi dio presidenteari, pantailetan proiektatutako "Zurekin gaude, presidente" leloarekin, eta "Pedro, Pedro" oihua eta txalo zaparrada batekin abiatu da sozialisten mitina.
"Pedro, zure erresistentzia indibidualetik erresistentzia kolektiboa altxatzeko deia egiten dugu gaur", aldarrikatu du Illak, eta "aurkariaren suntsipen sistematikoa" eta "erakundeen instrumentalizazioa" errefusatu ditu.
PSCko buruak ez ditu PP eta Vox esplizituki aipatu, eta Sanchez jasaten ari den "bereizi gabeko erasoak" salatu ditu, baita Gobernura iritsi zenetik sortu den "amorrazio politikoa" ere.