Politika -
CERA botoak
Gaur, atzerriko bozen zenbaketa: lurralde bakoitzeko azken eserlekua jokoan, baina aldaketarako aukera urri
Arabako lurralde historikoan, EAJk azken eserlekua ken diezaioke EH Bilduri; Bizkaian, Sumar PSE-EEri bat kentzetik gertu dago; eta Gipuzkoan, koalizio subiranistak azken eserlekua lor dezake, sozialisten kaltetan, baina oso zaila edo ia ezinezkoa dirudi halakorik gertatzea.
Eriz Lotina | EITB Media
Ostiral honetan, Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetako botoen zenbaketa behin betiko ixtea espero da. Zenbaketa lan horretan azkena atzerriko botoa kontatzea da. Euskal Autonomia Erkidegotik (EAE) kanpo bizi diren 8.200 herritarrek eman zuten botoa igandean (CERA erroldaren % 10 inguru), orain lau urte baino 5.000 gehiagok.
Igandeko boto-zenbaketak EH Bilduri eman zion azken eserlekua Araban; Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, PSE-EEri. Hala ere, hori alda liteke. Arabako lurralde historikoan, EAJk azken eserlekua ken diezaioke koalizio subiranistari; Bizkaian, Sumar sozialistei kentzetik gertu dago; eta Gipuzkoan, EH Bilduk azken eserlekua lor dezake, PSE-EEren kaltetan.
Atzerriko botoen zenbaketak azken emaitza alda dezake, bai, baina ez da askotan gertatu. 2020ko hauteskundeetan, EH Bilduk legebiltzarkide bat galdu zuen PP-Ciudadanos eskuineko koalizioaren mesedetan. 2016an, aldiz, EH Bilduk EAJri ordezkari bat kendu zion atzerriko botoaren zenbaketari esker. Bestalde, 2019ko hauteskunde orokorretan, PPk EAJri kendu zion Bizkaian jokoan zen azken diputatua.
Hala ere, oraingoan ez dirudi halakorik gertatuko denik, azken eserlekurako lehia ez baita hain-hain estua. Gipuzkoan, esaterako, CERA botoa 3.540 herritarrek eman dute, PSE-EErena da azken eserlekua, eta EH Bildu 1.360 botora dago lehia horretan.
Ondorioz, koalizio subiranistak 1.360 boto lortu beharko lituzke lehenengo, eta gero, gainera, sozialistek lortzen duten boto bakoitzeko hiru beharko lituzke EH Bilduk.
Beraz, PSE-EEk CERAn ere Gipuzkoan izandako emaitzak lortuko balitu, botoen % 13,5 eskuratuta, koalizio subiranistak 10etik 7 CERA boto baino gehiago beharko lituzke azken legebiltzarkidea bereganatzeko, baina oso zaila dirudi halakorik gertatzea.
Inoiz baino CERA boto gehiago
CERA gazteleraz egindako akronimo bat da, Espainiako Estatutik kanpo modu iraunkorrean bizi direnen errolda adierazten duena. Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrak izaki, botoa emateko eskubidea izan duten ia 83.000 lagun (82.911) errolda osoaren boto-emaileen % 4,6 dira.
Igandeko hauteskundeetan, inoiz baino gehiagok parte hartu dute, horretarako baldintzak malgutu egin direlako (% 10). Horrela, atzerrian bizi diren 3.703 bizkaitarrek, 3.540 gipuzkoarrek eta 954 arabarrek eman dute botoa.