Politika -
Ministroen Kontseilua
Elizaren sexu abusuen biktimei kalte ordainak emateko plana onartu du Espainiako Gobernuak
Planak bost ardatz ditu eta Eliza katolikoaren baitan sexu abusuak jasan dituzten biktimak erreparatzeko ekitaldi publiko eta "sinbolikoa" aurreikusten du. Halaber, organo independente batek ezarriko ditu Bolaños ministroak Eliza katolikoak bere gain hartzea espero dituen kalte ordainak.
O. A. | EiTB Media
Eliza katolikoaren baitan sexu abusuak jasan dituzten biktimei kalte ordainak emateko plana onartu du gaur goizean Espainiako Gobernuak, delitua preskribatu den kasuetarako. Halaber, biktimak publikoki erreparatzeko ekitaldi "sinbolikoa" egitea ere aurreikusten du.
Ministroen Kontseiluaren osteko agerraldian Felix Bolaños Espainiako Justizia ministroak azaldu duenez, organo independente batek ezarri beharko ditu Sanchezen gobernuak Eliza katolikoak bere gain hartzea espero dituen kalte ordainak. Ildo horretan, Espainiako Gotzainen Batzarrarekin elkarrizketak abiatu dituztela iragarri du. "Uste dut inork ez lukeela ulertuko (Espainiako) Elizak inguruko beste herrialde batzuek bezala ez jokatzea", esan du.
Gaur aurkeztutako planak Angel Gabilondo Herri defendatzaileak egindako txostenean jasotzen diren gomendioak jarraitzen dituela nabarmendu du Bolañosek, tartean, kalte ordainei buruzkoa.
Bost ardatz nagusi ditu: aitortza eta erreparazioa, biktimei arreta integrala, prebentzioa; prestakuntza eta sentsibilizazioa, eta, azkenik, informazioa eta ikerketa.
Bolañosen arabera, urtetan "ahaztuak" izan diren Eliza katolikoaren sexu abusuen biktimak erreparatzeko oinarriak ezartzen ditu. "Espainiako Gobernutik eta botere publikoetatik Elizaren sexu abusuen biktimekin genuen zorra kitatzeko garaia da", gehitu du.
Bestalde, gai honetan nahastuta dauden zazpi ministerioen artean jarraipen batzorde bat sortuko dute.