Politika -
Eusko Jaurlaritza
Eusko Jaurlaritza jardunean egotera igaro da
Hauteskundeak egin arte, Jaurlaritzak bere eskumen guztiak mantendu ditu, baina gaurtik aurrera, lehendakaria eta sailburuak jardunean egotera igaro dira. Asteartean egingo dute lehen Gobernu bilera jardunean.
Mikel Dominguez | EITB Media
Eusko Jaurlaritza fase berri batean sartu da, hauteskundeak igarota. Apirilaren 21era arte, Jaurlaritzak normaltasun osoz funtzionatzen zuen, Eusko Legebiltzarra deseginda egon arren. Gaur, astelehena, jardunean egotera pasatu da.
Legebiltzarra deseginda eta Diputazio Iraunkorra aktibatuta, apirilaren 21era arte Eusko Jaurlaritzak bere eskumen guztiak mantendu ditu. Adibidez, dekretuak onartu ahal izan ditu astero egiten dituen bileretan, hala nola, indarkeria matxistaren biktimak diren adingabeentzako laguntzak eta udaltzainen armei buruzko dekretua.
Legebiltzarra berritzeko hauteskundeak egin ondoren, ordea, Jaurlaritza jardunean izatera igaro da. Gaurtik aurrera, lehendakariak eta sailburuek eskumen mugatuak dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoan botere hutsunea saihesteko beharrezkoak direnak.
Bihar, asteartea, jarduneko lehen Gobernu Kontseilua egingo dute, eta horrela izango da Eusko Legebiltzarrak lehendakari berria hautatu arte.