Politika -
A21eko emaitzak
Garrido: "Argi dago botoa mobilizatu dela eta PPren goranzko joera berresten dela aurreko hauteskundeetatik"
Laura Garrido Euskadiko Alderdi Popularreko idazkari nagusia pozik agertu da EAEko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan alderdiak izan duen igoerarekin eta politikak egiterako garaian eta neurri ezberdinak aurrera ateratzerako orduan erabakiorrak izatea nahi du.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Laura Garrido Euskadiko Alderdi Popularreko idazkari nagusiak esan du "argi dagoela botoa mobilizatu dela eta alderdi popularraren goranzko joera baieztatzen dela aurreko hauteskundeetatik". PPk ordezkari bat gehiago lortu du EAEko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan eta 7 eserlekutara iritsi da, duela lau urte baino ia 37 mila boto gehiagorekin.
EAJren eta PSEren arteko gobernu baten balizko kudeaketaren aurrean Garridok Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan adierazi du "komenigarria" litzatekeela "akordio zabalak bilatzea". Testuinguru horretan nabarmendu du argi dutela orain arte "guk defendatu duguna mahai gainean jarriko dugula" eta gogoratu du asmoa "erabakiorrak izatea" dela politikak egiterako garaian eta neurri ezberdinak aurrera ateratzerako orduan.
Ordezkari bat gehiagorekin, boto kopuruan %60ko hazkundea izan du Alderdi Popularrak. Bizkaian eta Araban igo da gehien, baina Gipuzkoan ere hobetu ditu emaitzak.
Gorakada horren arrazoiaz galdetuta, idazkari nagusiak duela lau urteko abstentzioa aipatu du, batetik, eta EAJtik iritsitako boto posibleak, bestetik; "Ikusi dugu jendea kritiko zela Jaurlaritzak eta EAJk egindako kudeaketarekin". "Arazo larrienak mahai gainean jarri ditugu eta dirudienez hori herritarrek nabaritu dute", esan du. EAJk botoak galdu dituela argi dago. Horrek hausnarketa sakona beharko luke", erantsi du.
PPren gorakadaz gain, VOXek lehen zuen eserlekuari eutsi dio astebutu honetako hauteskundeetan, eskuina indartuta ateraz. Horren aurrean, Euskadiko Alderdi Popularreko idazkari nagusiak esan du "orain datuak aztertu eta botoen transferentziak" ikusi behar direla.