Politika -
Titular nagusiak
Albiste izango dira: A21eko emaitzen balorazioa, Alex Garciaren egoera eta 'Koldo auzia'ren ikerketa batzordea
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko apirilaren 22an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- A21eko emaitzen balorazioa: Alderdi politikoetako zuzendaritzek atzo egin ziren Eusko Legebiltzarreko hauteskundeen emaitzak aztertuko dituzte. EAJk eta EH Bilduk 27na eserleku eskuratu dituzte, baina alderdi jeltzalea izan da bozkatuena, 29.000 botoko aldearekin. Koalizio subiranistak, bere aldetik, lehen aldiz 300.000 botoen langa gainditu du. PSE-EE hirugarren postuan egonkortu da, 12 eserleku lortuta, PPren (7), Sumarren (1) eta Voxen aurretik (1).
- Alex Garciaren egoera: Thailandian larri gaixotutako Alex Garcia basauritarra Euskal Herrira ekartzeko Espainiako Defentsa Ministerioak bidalitako hegazkin medikalizatua atzo arratsaldean iritsi zen Bilboko aireportura. Handik, anbulantzian eraman zuten Gurutzetako Ospitalera. Pankreatitis batek jota dagoen gizonezkoa kontziente dago eta haren bilakaeraren zain egon beharko da. Pronostikoa larria du.
- 'Koldo auzia'ren ikerketa batzordea: Gaur hasiko dituzte agerraldiak 'Koldo auzia' ikertzeko Diputatuen Kongresuan eta Senatuan egingo dituzten ikerketa batzordeetan. Koldo Garciak, Jose Luis Abalos ministro ohiaren aholkulari izandakoak eta pandemia garaian maskarak salerosketa ustez ustelari izena ematen dionak ("Koldo auzia"), agerraldia dauka gaur Senatuan auzia ikertzeko sortutako batzordean. Modu bertsuan, Kongresuan, Salvador Illa Osasun ministro ohia azalduko da.