Politika -

A21eko emaitzak

EAJk irabazi du botoetan, EH Bildurekin 27na eserlekutan berdinduta

Azkenean, EAJk 29.000 botoko aldea lortu du, eta koalizio subiranistak emaitza historikoak izan ditu. Bestalde, PSE-EEk 12 legebiltzarkide erdietsi ditu (+2), PPk 7 (+1) eta Sumarrek eta Voxek, bana.

Grafikoa: EITB
Grafikoa: EITB
Hauek izan dira EAEko hauteskundeetako emaitzak

0:37

David Perez Camacho | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk eta EH Bilduk 27na eserleku eskuratu dituzte Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, baina alderdi jeltzalea izan da bozkatuena, 29.000 botoko eta 2,64 puntuko aldearekin. Koalizio subiranistak, bere aldetik, emaitza historikoak lortu ditu, lehen aldiz 300.000 botoen langa gaindituta.

Hauteskunde gauak beste hainbat titular utzi ditu: PSE-EEk eta PPk ere gora egin dute, ezker konfederala desagertzeko zorian izan da (Sumarrek baino ez du lortu ordezkari bat) eta Voxek, aurreikuspen guztien aurka, eutsi egin dio egungo legebiltzarkideari.

Horrenbestez, EAJk eta PSE-EEk egungo koalizio gobernuari eutsi ahalko liokete, gehiengo osoarekin, eta horrek Imanol Pradales jeltzalea bihurtuko luke lehendakari. Halaber, emaitzek paradoxa bat marraztu dute Legebiltzarrean: inoizko abertzaleena izango da (jeltzaleek eta koalizio subiranistak 4 eserlekutik 3 bereganatu dituzte), independentziaren eztabaida politikaren lehen lerrotik ia desagertu bada ere.

Zure interesekoa izan daiteke: Hauteskunde gau lehiatuenaren gakoak

Oro har, zenbaketa tentsio handikoa izan da, buelta ugari izan ditu, eta bi indar nagusiak azken minutura arte lehiatu dira garaipena erdiesteko. Eta kontuan hartu behar da atzerrian bizi direnen botoak zenbatu gabe daudela oraindik. Hain zuzen ere, ostiralean egingo dute.

Testuinguru horretan, EAJ izan da lehen indarra, 2020an baino 20.500 boto gehiago lortuta. Dena dela, jeltzaleek 4 eserleku eta 4 puntu galdu dituzte, parte-hartzea hazi egin baita (% 62,52koa izan da azkenean), botoen % 35,20 jasota.

EH Bilduk, bere aldetik, duela lau urte baino 90.000 boto eta 6 legebiltzarkide gehiago izan ditu. Orotara, % 32,52ko babesa eskuratu du, eta, gainera, bozkatuena izan da Araban eta Gipuzkoan.

Zure interesekoa izan daiteke: A21en osteko balizko itunak

PSE-EEk eta PPk ere gora egin dute: sozialistek 12 ordezkari eskuratu dituzte (+2), botoen % 14,23 jasota, eta popularrek, 7 (+1), botoen % 9,20 eskuratuta.

Bestalde, ezker konfederalak garesti ordaindu du zatiketa; izan ere, Sumarrek baino ez du lortu ordezkaritza (eserleku bat), eta Elkarrekin Podemos esku hutsik geratu da. Azken hauteskundeetan, 6 legebitzarkide izan zituzten elkarrekin.

Aipatzekoa da Sumarrek Araban erdietsi duela ordezkaria, eta, horregatik, Alba Garcia lehendakarigaiak ez duela parlamentari akta lortu.

Azkenik, eta aurreikuspen guztien kontra, Voxek eutsi egin dio egun duen legebiltzarkideari.

Hau izango da eserlekuen banaketa Legebiltzarrean
Hau izango da eserlekuen banaketa Legebiltzarrean
Hau izango da eserlekuen banaketa Legebiltzarrean

0:43

ARABA

Grafikoa: EITB

EH Bilduk lehen aldiz irabazi du Araban hauteskunde autonomikoetan. Hain zuzen ere, koalizio subiranistak 8 legebiltzarkide eskuratu ditu, 2020an baino 2 gehiago.

Bigarren lekuan, EAJk bi parlamentari galdu ditu, 7ra arte.

PSE-EEk hirugarren lekuan jarraitzen du, eta atxiki egin ditu bere 4 ordezkarian. Hori bai, PP gertu geratu da, eta 3 eserleku izatetik 4 izatera pasatu da.

Lurralde honetan, Sumarrek EAE osoko legebiltzarkide bakarra lortu du, eta Voxek eutsi egin dio egun duenari.

Aitzitik, Elkarrekin Podemosek ez du ordezkaritzarik lortu.

BIZKAIA

Grafikoa: EITB

EAJk eutsi egin dio bere lidergoari Bizkaian, baina eserleku bat galduta (11 izango ditu).

Bestalde, EH Bilduk 8 parlamentari erdietsi ditu, 2 gehiago; PSE-EE 3 ordezkaritik 4ra igo da, eta PPk mantendu egin ditu egungo 2ak.

Azkenik, Sumarrek eta Elkarrekin Podemosek galdu egin dute koalizioan zuten ordezkaria.

GIPUZKOA

Grafikoa: EITB

EH Bildu izan da bozkatuena lurraldean, botoen % 40 gaindituta, eta egun baino 2 ordezkari gehiago batuta, 11.

EAJ izan da bigarren indarra, legebiltzarkide 1 galduta; 9 izango ditu.

PSE-EEk eserleku bat egin du gora, 3, eta PPk eutsi egin dio egungoari.

Sumarrek eta Elkarrekin Podemosek ez dute eserlekurik lortu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV EAEko hauteskundeak Alderdi politikoak EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Javier de Andres Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Hauteskundeak Vox Euskadiko hauteskundeak 2024 emaitzak Miren Gorrotxategi Eneko Andueza Sumar Mugimendua Imanol Pradales Pello Otxandiano Alba Garcia Martin Amaia Martinez Grisaleña