Politika -

Kanpaina

Imanol Pradalesi (EAJ) eraso egin diote mitin baten ostean, Barakaldon

EAJren lehendakarigaiari spray batekin eraso diote aurpegian, eta Gurutzetako Ospitalean artatu behar izan dute. 49 urteko erasotzailea atxilotu egin dute, eta epailearen aurrera noiz eraman zain dago. Erasoak ez du motibazio politikorik izan.

Imanol Pradales, Gurutzetako Ospitaletik ateratzen. Irudia: EITB
Imanol Pradales, Gurutzetako Ospitaletik ateratzen. Irudia: EITB
Pradalesek esan du erasoa ''sustoa'' izan dela eta gertatutakoak ez duela ''euskal gizartea ordezkatzen''

0:29

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Imanol Pradales EAJren lehendakarigaiari eraso egin diote arratsaldean Barakaldon, mitin batean parte hartu eta gero, 49 urteko gizonezko batek aurpegira piperbeltz-gasa jaurti baitio. Lehen informazioen arabera, erasoak ez du motibazio politikorik izan

Hautagai jeltzalea Gurutzetako Ospitalera eraman dute, artatua izateko, baina alta eman diote jada eta parte hartu ahalko du EITBren hauteskunde debatean. EITBk jakin izan duenez, hautagai jeltzaleak gorrituta zituen begiak eta aurpegia. Medikuen txostenaren arabera, ikusmena ezkerreko begian kaltetuta du Pradalesek, eta aurpegiaren eskuineko aldea hozminduta.

Pradalesek Barakaldoko ekitaldi politikoan parte hartu du, eta ondoren EITBren hauteskunde debatera bidean zegoenean egin diote erasoa. Erasotzailea atxilotu egin dute.

Andoni Ortuzar EAJko presidenteak mitinean azaldu duenez, Pradales EITBren egoitzara bidean zegoenean "piperbeltz spray batekin" eraso diote.

"Ez dakigu zergatik gertatu den, baina dena dela, hausnartu egin beharko genuke halako jokaerak bidea diren euskal gizartean", deitoratu du Ortuzarrek.

EITBren egoitzara iritsi denean, Pradalesek adierazi du erasoa "sustoa" izan dela, baina uste du ez duela "euskal gizartea ordezkatzen", Euskadin jendeak "errespetu handia" duelako. Gainera, gertakari isolatua izatea eta berriro ez gertatzea espero du.

Gurutzetako Ospitalean artatu duten oftalmologoei eskerrak eman ostean, "nahiko ondo" sentitzen dela esan du, baina ez du ezkerreko begitik "oso ondo" ikusten, eta jasotzen ari den babesekin "txundituta" azaldu da.

"Espraiarekin eraso egin didate aurpegi osoan, eta une honetan ikusmen gutxi dut ezkerreko begitik, baina eman didaten tratamenduaren ondoren, denbora behar duen prozesu bat dela esan didate", gaineratu du.

Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigaiak elkartasuna adierazi dio EAJren Lehendakaritzarako hautagaiari. ETBra iritsi denean gertatutakoaren berri izan duela adierazi du Otxandianok. "Espero dut osatzea gaurko eztabaidan parte hartzeko", gaineratu du.

"Babes eta animo mezu bat bidali nahi diot Imanol Pradales EAJko lehendakarigaiari, Barakaldon kanpainako ekitaldi batean eraso egin diotelako. Indarkeria ekintza ororen gaitzespenak arau izan behar du demokrazian", adierazi du Eneko Andueza PSE-EEko lehendakaritzarako hautagaiak sare sozialetan.

Javier de Andres PPko hautagaiak ere "gaitzespen irmoa" azaldu du. "Imanol Pradalesen egoeraren zain, piperbeltz gasarekin egindako erasoaren ondoren. Lehenbailehen osatzea espero dut", adierazi du.

Bestalde, Alba Garcia Sumarreko hautagaiak elkartasuna adierazi dio Pradalesi. "Demokrazian ez da onargarria erasorik egitea, eta horrelako erasoak ezin dira errepikatu", esan du.

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko hautagaiak ere erasoa gaitzetsi du. "Gaurko debatea normaltasunez egin ahal izatea eta gure proiektuak aurrez aurre jartzea espero dut", adierazi du.

Era berean, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak babesa eta elkartasuna helarazi dio Pradalesi. "Nire babes eta elkartasun osoa helarazi nahi diot Imanol Pradalesi. Demokrazian erasoek ez dute tokirik. Inoiz ez. Inor ez", azpimarratu du gobernuburuak X sare sozialean argitaratutako mezu batean.

Sanchezek "laster osatzea" opa dio, "hauteskunde-kanpainaren azken txanparekin jarraitu ahal izateko".

Alberto Nuñez Feijoo PPko presidenteak bere elkartasuna helarazi dio Pradalesi, eta indarkeriarik gabeko Euskal Herriaren alde lan egiten dutenentzat "eraso oro albiste txarra" dela adierazi du.

Feijook X sare sozialean azaldu duenez, bera bezala desberdin pentsatzen dutenekiko errespetuan sinesten dutenentzat, "bere ideiengatik norbaiti erasotzea larria da".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Hauteskundeak Euskadin 2024 Pedro Sánchez bideoak EH Bildu Araba PSE-EE berriak PP Gipuzkoa Zenbat hautagai aurkeztu dira? Javier de Andres azken ordukoa Eguneko albisteak Albisteak Euskadiko Podemos-eko albisteak Hauteskundeak Miren Gorrotxategi azken ordukoa Eneko Andueza azken ordukoa PPko presidentea Sumar alderdia albisteak Imanol Pradales gaur Pello Otxandiano albisteak Sumar Euskadi hautagaia