Politika -

EITB Focus

EH Bilduk Legebiltzarrerako hauteskundeak irabaziko ditu lehen aldiz, EITB Focusen arabera

Koalizio subiranista lehen indarra izango da, eta EAJk 2-3 eserleku gutxiago lortuko ditu, nahiz eta ia boto kopuru bera izan. PSE-EEk egonkor jarraituko du, eta PPk gora egingo du. Ezker konfederalari dagokionez, Sumarrek soilik lortuko du ordezkaria. Vox ganberatik kanpo geratuko da.

EITB Focus
EITB Focus
EITB Focus

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EITB Focus inkestaren arabera, EH Bilduk irabaziko ditu apirilaren 21ean izango diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Koalizio subiranistak lehen aldiz irabaziko ditu hauteskundeak. EAJ bigarren indarra izango da, 2-3 eserleku gutxiagorekin, nahiz eta bi alderdiek ia boto kopuru bera izango duten.

EITBren makroinkesta hauteskundeak izan baino astebete lehenago argitaratu da, eta eszenatoki berria islatzen du. Zalantzatien kopurua % 20koa da, eta horrek eragina izango du azken emaitzan.

Inkestaren arabera, EH Bildu izango da lehen indarra, boto eta eserleku kopuruei dagokienez: botoen % 34,9 eta 28-29 ordezkari lortuko ditu. Orain lau urteko hauteskundeetako datuekin alderatuta, 7 puntu eta 7-8 eserleku irabaziko ditu.

EAJ izango da bigarren indarra. Jeltzaleek ia boto kopuru bera (% 34,2) eta 26-27 eserleku eskuratuko dituzte.

PSE-EEk egonkor jarraitzen du boto-asmoari dagokionez, eta bi ordezkari gehiago lortuko ditu: botoen % 14 eta 10-12 eserleku.

Orain lau urteko hauteskundeetako datuekin alderatuta, PPk gora egingo du, botoen % 7,7 eta eserleku bat gehiago eskuratuta. Vox, bere aldetik, desagertu egingo da Legebiltzarretik.

Ezker konfederalari dagokionez, EITB Focusen arabera, Sumarrek ordezkari bat lortuko du (kasurik onenean, bi). Elkarrekin Podemos, berriz, Legebiltzarretik kanpo geratuko da.

Argazki honen arabera, EAJk eta PSE-EEk gobernu koalizioa errepikatu ahalko dute, baina ez dute gehiengo absolutua bermatuta izango.

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, EH Bildu lehen indarra izango da Araban eta Gipuzkoan, eta EAJ, Bizkaian.

Botoa emateko astebete falta denean, kanpainak ez du herritarrak aktibatzea lortu, eta parte-hartzea ez da % 61era heltzen. Zalantzatien kopurua % 20koa da.

Hautagaien balorazioa

EITB Focus inkesta berriak lehendakari izateko hautagaien inguruan ere galdetu du. Martxoan argitaratutako inkestarekin alderatuta, bi alderdi nagusien bi hautagaien ezagutza hazi egin da, eta balorazio berdina lortu dute.

Lehendakari nor izatea nahi duten galdetuta, parean daude EH Bilduko hautagaia eta EAJkoa hautatu dutenak, Imanol Pradales zortzi hamarren aurretik geratu bada ere.

Balizko itunak

EITB Focus inkestaren datuek jasotzen dutenez, EAJren eta PSE-EEren arteko itunak, berriro bat eginez gero, 36 eta 39 ordezkari artean bilduko ditu. EH Bilduren eta PSE-EEren arteko itunak 37 eta 41 ordezkari artean bilduko lituzke, eta EH Bilduren eta EAJren artekoak, 54 eta 56 artean.

Metodologia

Bizitokia EAEn duten 1.800 pertsona elkarrizketatu dituzte EITB Focus inkesta egiteko (lurralde historiko bakoitzeko 600). Galdeketak apirilaren 5a eta 11 bitartean egin zituzten, telefonoz.

Datu, mikrodatu eta adierazle estatistiko guztiak Gardentasun atariko Open Data atalean izango dira kontsultagai.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Bizkaia Albisteak Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa EAEko hauteskundeak Alderdi politikoak EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Hautagaiak Javier de Andres Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi EiTB Focus Hauteskundeak Vox Hauteskunde inkestak Miren Gorrotxategi Eneko Andueza Sumar Mugimendua Imanol Pradales Pello Otxandiano Alba Garcia Martin Amaia Martinez Grisaleña