Politika -
MEMORIA HISTORIKOA
Gernika-Lumoko hirigune osoaren 'Memoria Demokratikoaren Leku' izendapena argitaratu du BOEk
Estatuko Aldizkari Ofizialak larunbat honetan argitaratu du 2023ko abuztuaren 1ean iragarri zen erabakiaren adierazpen ofiziala.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Estatuko Aldizkari Ofizialak (BOE) larunbat honetan argitaratu du Gernika-Lumoko hiri-ingurune osoaren 'Memoria Demokratikorako Leku' izendapena.
Gernika-Lumo herri eremu osora zabaldu du memoria-leku izendapena Espainiako Gobernuak, 1937an biztanleria zibilaren kontra egindako sarraskia dela eta. Memoria Demokratikoaren Zuzendaritza Nagusiak aurkeztu zuen hasierako txostenean Gernikako Batzar Etxea bakarrik izendatu zuten memoria-leku, ez herria bere osotasunean. Hainbat kexa jaso ondoren, 2023ko abuztuaren 1ean herrigune osoa izendatzea erabaki zuen Espainiako Gobernuak, eta erabaki hori ofizial bihurtu da gaur. 1937ko apirilaren 26n Gernikan gertatutakoa "mundu osoan zehar biztanleria zibilaren aurka izandako lehen bonbardaketa" izan zen.
BOEk jaso duenez, Gernikako hiribildua "euskal gizartearen historiaren eta autogobernuaren ordezkari nagusienetakoa da, Konstituzioak Espainiako nazionalitateen eta eskualdeen autonomia aitortzearen sinbolo eta kultura zein hizkuntza aniztasunaren ikur. Era berean, gerra eta gatazken eremua biztanleria zibila dela kaltetuena erakusten duen lekua".
Demokrazia berreskuratzearekin batera, Gernika-Lumo "iraganaren berreskurapen kritikoan, ekintza instituzional eta sozialaren erreferente bihurtu da", eta "espazio publikoan memoria-ekintza garrantzitsuak eginez bakearen eta giza eskubideekiko errespetuaren kultura eraikitzeko eta indartzeko" egindako lana goraipatu dute BOEn.
Hainbat gune aipatzen dira adierazpenean: Juntetxea, bonbardaketan hildakoak oroitzeko hilarria, aire-babeslekuak, Europako Herrien Parkea, Gernikako hiri-eskulturak, Bakearen Museoa, Bakearen aldeko Ikerketa Zentroa, gerrako presoen ospitale militarra, bonbardaketaren biktimen aldeko mausoleoa...
"Gernika-Lumok Memoria Demokratikoaren Leku izendatzeko ezaugarri guztiak betetzen ditu", BOEren arabera, eta "memoria kolektiboan eta memoria demokratikoan duen eragina, herritarren eskubide eta askatasunen aldeko borroka, emakumeen memoria, 1936ko uztaileko estatu-kolpearekiko erresistentzia eta bake-kultura berreskuratzeko eta sakontzeko egindako borroka" nabarmendu dituzte bertan.