Politika -
HAUTESKUNDE EZTABAIDA
Osakidetza izan zen hautagaien eztabaidan gehien aipatutako gaia
Hautagai guztiek aipatu zuten osasun zerbitzu publikoa bat baino gehiagotan euren hitzartzeetan. Bestalde, autogobernuaren gaia izan zen giroa gehien berotu zuen gaietako bat.
IDOIA ABERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako hautagaien arteko atzoko EITBeko eztabaidak utzi ditu zenbait datu aipagarri. Kanpainaurrean eta kanpainan bezala, Osakidetza, autogobernua edota balizko itunak izan ziren mahai gainera atera ziren gai nagusiak, baina atalez atal aztertuta, pisu ezberdina izan zuten saio osoan.
Hala, aipamen kopurua neurtzen hasita, osasun zerbitzu publikoa ageri da zerrendan lehendabizikoa. Hautagai guztiek aipatu zuten Osakidetza euren hitzartzeetan. Adibiderako, zenbaki batzuk: zerbitzu publikoen blokeari hasiera emateko bakoitzari zegokion 30 segundoko tartean denen ahotan egon zen; Pello Otxandiano EH Bilduko hautagaiak 6 aldiz aipatu zuen. Andeka Larrea Sumarreko ordezkariak ere, gutxienez, 15 aldiz erabili zuen Osakidetza hitza eztabaida osoan zehar, eta gainerakoek, dozena bat aldiz, bai behintzat.
Osasun sistemaren ondoren, autogobernua eta hauteskunde ondorengo balizko itunak izan ziren gehien aipatu zirenak, eta baita, giroa gehien berotu zutenak ere, aurrez aurreko biziak eraginez. Nolanahi ere, oro har, tentsio une handirik gabeko eztabaida izan zen.
Zentzu horretan, Eneko Andueza PSE-EEko hautagaia izan zen gainerakoei hitza gehien kendu ziena. Denei eten zien behin baino gehiagotan jarduna, EAJko Imanol Pradalesi izan ezik. Bestalde, batak besteari egindako interpelazioak kontuan hartuta, Laura Garrido popularra izan zen galdera gehien egin zituena, ia denak ordezkari jeltzaleari, hauteskunde ondorengo itunei buruz azalpen eske.
Gutxien aipatutakoen artean, segurtasunaren gaia dago. PPk eta PSE-EEk 2 aldiz atera zuten gaia, EAJk behin, eta gainerako hiru taldeek bakar baten ere ez.
Deigarria den beste datu bat: parte-hartzeari ia aipamenik ez zioten egin hautagaiek. Amaierako urrezko minutua deritzon tartean, ohi bezala, botoa eskatu zuten, baina handik kanpo inork ez zuen mobilizaziorako deirik egin.
Azkenik, irudiari dagokionez, denek antzeko koloreak aukeratu zituzten; lau gizonezkoek alkandora zuria eraman zuten soinean, eta emakumeek ere, jaka zuria.