Politika -
Titular nagusiak
Albiste izango dira: Azken agurra Ardanza lehendakariari, hauteskunde eztabaida EiTBn eta errenta kanpaina
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko apirilaren 10ean, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Azken agurra Ardanza lehendakariari: Gaur emango diote azken agurra astelehenean hil zen Jose Antonio Ardanza lehendakariari. Hilkutxa Gernikatik Ajuria Enera eramango dute goizean, eta bertan egongo da zabalik hil-kapera 10:00etatik 14:00etara. Arratsaldean, 19:00etan, egingo da haren aldeko hileta elizkizuna Elorrioko Sortzez Garbiaren Basilikan. Meza Gasteizko, Bilboko eta Donostiako gotzainek emango dute, eta Mario Iceta ere bertan izango da, 2010etik 2020ra Bilboko gotzaina, hil berri den lehendakariarekin harreman estua zuena.
- Lehen hauteskunde eztabaida EiTBn: Jarraitu, zuzenean, 22:00etatik aurrera, apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetara aurkeztuko diren alderdietako hautagaien arteko eztabaida, ETB1en, Euskadi Irratian eta eitb.eus-en. Alderdi bakoitzetik parte hartuko duten hautagaiak hauek dira: Imanol Pradales (EAJ), Pello Otxandiano (EH Bildu), Eneko Andueza (PSE-EE), Laura Garrido (PP), Miren Gorrotxategi (Elkarrekin Podemos), eta Andeka Larrea (Sumar).
- Errenta kanpaina Bizkaian: Gaur hasiko da aurtengo errenta kanpaina Bizkaian, ekainaren 28ra arte. Bizkaiko Ogasunak 66.000 errenta aitorpen inguru aurkeztuko direla uste du, aurreko kanpainan baino 40.000 gehiago. Bizkaiko Foru Ogasunak 560 milioi euro itzultzea aurreikusten du 2023ko errentaren kanpainan, eta 397 milioi jasotzea. Hortaz, itzuli beharrekoa bildutakoa baino gutxiago izango da, 163,1 milioi, hain zuzen ere.