Politika -
USTELKERIA
Kongresuak maskarei buruzko ikerketa-batzordea osatuko du gaur eta Senatukoarekin paraleloan arituko da
Covid-19aren pandemian izan zen osasun materialaren kontratazio publikoari buruzko ikerketa batzordea eratzeko saioa 16:00etan hasiko da.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Pandemia garaian osasun materiala erosteko hainbat administraziok esleitutako larrialdiko kontratuei buruzko ikerketa batzordea eratuko du astearte honetan Kongresuak. Organo horrek Senatuan astelehen honetan eratu den batzordearen paraleloan lan egingo du. Izan ere, Senatukoak 'Koldo auzia' bakarrik ikertuko duen bitartean, Kongresukoak Estatuko administrazio guztien jarduna aztertuko du.
Senatuko batzordea PPk bultzatu zuen baina Kongresuko batzordea PSOEk proposatu zuen, hain zuzen ere, Jose Luis Abalos Sustapen ministro ohi eta PSOEko Antolakuntza idazkari ohia Talde Mistora pasatzea eragin zuen kasua lehertu ondoren.
Batzorde honetan, sozialistek, lau hilabetez, Estatuko Administrazio Orokorraren covidari aurre egiteko materialaren inguruko kontratuak aztertu nahi dituzte, 'Koldo kasu'koak tartean, baina baita beste administrazio publiko batzuen kontratazio prozedurak ere, "kontratazio publikoaren arloan Estatuko legedian egon daitezkeen aldaketak aztertu eta baloratzeko, etorkizunean irregulartasunik ager ez dadin".
Kongresuko Osoko Bilkurak Aste Santua baino lehen onartu zuen batzorde hori sortzea, PPren abstentzioarekin eta Voxen aurkako botoarekin. Astearte honetan, eratze saioan, Mahaiburua eta Mahaiko gainerako postuak aukeratuko dituzte (bi Presidenteordetza eta bi Idazkaritza).
PSOEk eta Sumarrek gehiengoa izatea espero dute, eurek hiru postu eta PPk bi, hori baita Parlamentuko batzordeen ohiko eskema. Sozialistek, gainera, hiru ordezkarietako bat batzordeko presidentea izatea nahi dute, eta horretarako Gobernuaren aliatu parlamentarioen babesa behar dute.
Ikerketa batzordearen idatzian jasotakoaren arabera, PPk eta PSOEk hiruna kide izango dituzte, Voxek eta Sumarrek bina, eta gainerako taldeek ordezkari bana izango dute.
Behin batzordea osatuta, epe bat irekiko da lan-plan bat onartzeko eta agerraldiak proposatzeko, baina PSOEk bazkide guztien babesa lortzen badu baino ez dira aurrera aterako. Hori bai kideek bestelako agerraldiak ere onar ditzakete PP zein Voxen babesa lortuz gero. Izan ere, talde parlamentarioek helburu ezberdinak izan ditzakete batzorde honetan: sozialistek PPk gobernatzen dituen erkidegoak aztertu nahi dituzten bitartean, popularrek PSOEko goi-kargudunak aipatzen dituzte, eta Juntsek, adibidez, Salvador Illa deitu nahi du, garai hartan Osasun ministro eta orain Generalitaterako hautagai sozialista dena.
Beste hiru ikerketa batzorde Kongresuan
Kongresuak baditu beste hiru ikerketa batzorde ere eratuta une honetan, PSOEk Juntsekin eta ERCrekin hitzartu zituenak, hain zuzen ere: 2017an Katalunian izandako atentatu jihadistei buruzkoa, Pegasus programarekin politikari independentistak espiatzeagatik abiatutakoa, eta Mariano Rajoyren lehen Gobernuko Barne Ministeriotik aurkari politikoak zikintzeko 'Katalunia operazioa' delakoari buruzkoa.
Batzorde horietako bat ere ez da abiatu oraindik, lan-plana adosteko eta agerraldiak onartzeko fasean daude, baina, itxura guztien arabera, batzorde horietara deiturikoen desfileak eta kontratu publikoei buruzko batzordera deiturikoen agerraldiek ere EAEko apirilaren 21eko, Kataluniako maiatzaren 12ko eta Europako hauteskundeekin bat egingo dute.
Legealdi honetara arte, Kongresuko talde parlamentarioek beti argudiatzen zuten ezinezkoa zela aldi berean hainbeste ikerketa-batzorde eratzea, batez ere alderdi txikiek ez zutelako behar adina diputatu zeregin guztiak betetzeko.