Politika -
ETA-ren amaiera
'Bakearen artisauen' kontrako epaiketa abiatuko da gaur Parisen
Fiskaltzak 10 urteko kartzela zigorra eskatu du Txetx Etcheverry eta Beatrice Molle bakegileentzat, terrorismoa egotzita. Beste hiru ekintzailerekin batera atxilotu zituzten 2016ko abenduan, ETAren armagabetzean laguntzeko lanetan ari zirela.
EITB MEDIA
Parisko Zigor Auzitegiak Jean Noel Etcheverry 'Txetx' eta Beatrice Molle "bakearen artisauak" epaituko ditu gaur-biharretan. Biak ala biak duela zazpi urte pasatxo atxilotu zituzten Luhuson (Lapurdi), ETAren armategia desagerrazteko lanean ari zirela.
Fiskaltzak 10 urteko kartzela zigorra eta 100.00 euroko isuna eskatu du eurentzat, armak, munizioak eta lehergaiak eduki eta garraiatzea eta ETArekin lotura izatea egotzita.
Sei urte dira ETA behin betiko desagertu zela, eta 2016an atxilotutako bost ekintzaileetatik bi hilda daude (Mixel Berhokoirigoin, 2021ean zendu zen, eta Mixel Bergougnan, 2017an). Frantziako Terrorismoaren kontrako Fiskaltzak bosgarren atxilotua, Stephane Etchegaray "Etxe", errugabetu zuen.
Txetx Etcheverry eta Beatrice Molle ekintzaileek aurreratu dutenez, leporatzen dietena egin izana aitortu, eta atzera eginez gero, berriro ere egingo luketeela azpimarratuko dute, euren helburua zelako ETAren armagabetzea lehenbailehen burutzea eta Euskal Herriaren gatazka behin betiko amaitzea. Euren ustez, "absoluzioa da onargarria den ebazpen bakarra". Zigorra ezartzea, erantsi dutenez, armagabetzearen prozesu zibila terrorismotzat jotzea litzateke. "Ez da egia, ez zen terrorismoa izan, bake ekintza baizik", adierazi zuten gaur zortzi.
Defentsak argudiatuko du bost ekintzaileak ETAren armategiaren lehen zati bat suntsitzekotan zirela atxilotuak izan zirenean. Handik hilabete gutxira, 2017ko apirilean, hala egin zuten nazioarteko begiraleek egiaztatutako armagabetzean (orduko hartan ez zuten inor atxilo hartu). Txetx Etcheverrky berak azaldu duenez, apirilaren 8az geroztik "bi aldiz" garraiatu zituen armak "Frantziako agintariak jakinaren gainean zeudela". "Orduan egin nuena legezkoa edo behitzat baimendua bazen, ez luke zentzurik izango abenduan egindakoa hala ez zela ebaztea", argudiatu du Berria egunkariari eskainitako elkarrizketa batean.
Milaka lagunek eskatu dute absoluzioa
"Bakearen artisauek" askotariko pertsona, politikari eta eragile sozialen babesa jaso dute, mugaren alde bietan zein nazioartean. Horren erakusle, 5.000 pertsonak sinatu duten euren aldeko adierazpena. Izenpetu dutenen artean dira, besteak beste, Berthie Ahern Irlandako lehen ministro izandakoa, Gerry Adams Sinn Feineko buruzagi ohia, Frantziako hainbat ministro ohi (tartean dira Bernard Cazeneuveren gobernuan Justizia eta Barne arduradunak), diputatu eta hautetsi (Jean-Rene Etchegaray edo Kotte Ezenarro, berbarako).
Horrez gain, zenbait sindikatuk eta gizarte eragilek deituta, elkarretaratzeak izango dira bihar, hilaren 3an, Euskal Herriko hiriburuetan. Eguerdiarekin egingo dituzte Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean, eta 19:00etan Baionan, Maulen eta Donibane Garazin. ELA, LAB, ESK, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuek eta Antxeta Irratia, Bilgune Feminista, Etxerat, Egiari Zor, Gernika Batzordea, Hitz & Hitz, Sare eta Bakea eta Duintasunak babestu dituzte mobilizazioak.
Zazpi urte Luhusoko operaziotik
2016ko abenduaren 16 batez atxilotu zituen Guardia Zibilak, Frantziako Poliziaren laguntzarekin, Luhusoko bakegileak. Frantziako Gobernuak orduko hartan nabarmendu zuenez, "ETAri kolpe gogorra" eman zioten, eta "armategi handi bat, eta zenbait lehergailu eta munizio" atzeman zituzten.
Atxilotutako bostak, batez ere Txetx Etcheverry eta Mixel Berhokoirigoin, oso ezagunak ziren Ipar Euskal Herrian, eta aktibismo ekologistan eta bakearen aldeko mugimenduan aritukoak ziren. Lau egun geroago utzi zituzten libre, karguekin bada ere.
Operazioak erreakzio soka luzea eragin zuen, eta EAJ, EH Bildu edota Elkarrekin Podemos kritiko azaldu ziren. Eusko Jaurlaritzak agiria kaleratu zuen armagabetze eraginkorrera eta behin betikora zuzenduta dagoen aldebakarreko eta baldintzarik gabeko "edozein pauso" mesedegarritzat jota.
Ipar Euskal Herrian ere, hautetsi ugarik egin zuten atxiloketen kontra, eta operazioaren biharamunean, manifestazio jendetsua izan zen Baionan aske uzteko eskatuz.