Politika -

Ustelkeria

Koldo auziaren ikerketa batzordea eratu da Senatuan, eta PPk Armengol deituko duela iragarri du

Eloy Suarez batzordeko presidenteak batzordeko kideei gogorarazi die Senatuko ikerketek "eremu mugatua" izango dutela. Bestalde, Borja Semper PPko bozeramaileak ez dio atea itxi Pedro Sanchez deitzeari.

Senatuan Koldo auziaren ikerketa batzordea eratzeko saioa. Argazkia: EFE
Senatuan Koldo auziaren ikerketa batzordea eratzeko saioa. Argazkia: EFE
Senatuan Koldo auziaren ikerketa batzordea eratzeko saioa. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Senatuak batzorde bat jarri du martxan gaur, pandemian osasun-materiala saltzeko kontratuen esleipenagatik komisioak kobratzeko ustezko sarea ikertzeko. PPren eta PSOEren arteko itun bati esker aurrera atera den mahaia aukeratu ondoren eratu da organoa.

Hala, PPk, Goi Ganberan gehiengo osoa duen talde politikoak, batzordeko mahaian ere gehiengoa izango du, bost postuetatik hiru eskuratu baititu: presidentetza, Eloy Suarez Aragoiko senataria; lehen presidenteordea, Salvador de Foronda; eta lehen idazkaria, Inmaculada Hernandez Rodriguez. EAJ, ERC eta EH Bildu, aldiz, abstenitu egin dira mahaiaren eraketan.

Eloy Suarez batzordeko presidenteak batzordeko kideei gogorarazi die Senatuko ikerketek "eremu mugatua" izango dutela. Suarezek horrela azaldu du batzordearen helburua Koldo Garciak, Jose Luis Abalos Garraio ministro ohiaren aholkulari ohiak, bitartekari gisa egindako kontratuak ikertzea baino ez dela, edo beste ustelkeria kasu batzuk, baina soilik Delorme operaziotik eratortzen badira.

Beraz, Senatuan ez dira ikertuko Delorme operazioarekin zerikusirik ez duten pandemiako osasun-materialaren beste erosketa publiko batzuk. Diputatuen Kongresuak, ostera, aldi berean abiatuko duen beste batzorde batean erosketa guztiak ikertzeko asmoa du.

PPk Francina Armengol Diputatuen Kongresuko presidentea Senatuko Koldo auziko ikerketa batzordean agerraldia egitera deituko du, eta ez du baztertzen Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua ere deitzea.

Borja Semper PPko bozeramaileak Armengol deituko dutela iragarri du gaur, bere alderdiko Zuzendaritza Batzordeak Genova kaleko egoitzan izandako bileraren osteko prentsaurrekoan.

Borja Semper PPko bozeramailea. Argazkia: EFE

Bestalde, Semperrek ez dio atea itxi Sanchez zerrendan sartzeari, "erantzun bat eman beharko" duela ohartarazi baitio Espainiako presidenteari, "dena zekielako" eta PSOEk "estali" egin zuelako.

"Ez baztertu. Denbora eta gauza bakoitza bere unean (...) Egia ezagutzeko modua aztertzen ari gara. Egin beharreko galderak erabakitzen ditugunean, lehen edo bigarren deituko diegu agerraldia egitera", azpimarratu du PPko buruzagiak Espainiako Gobernuko buruaren balizko agerraldiaren harira.

Senatuko ikerketa-batzordean deitzea erabakitzeko zain, Semperrek "motu propio azalpenak" ematea eskatu dio Sanchezi, Koldo auziaren inguruan izan zuen "egitekoa" argitzeko.

Semperren ustez, "ezinezkoa" da Sanchezek sare ustelaren berri ez izatea Abalos Gobernuko eta PSOEko kide nabarmena zenean eta biek "oso harreman estua" zutenean, Koldo Garcia "ezohiko lotsagabekeriaz ministerioetan paseatzen" ari zenean edo "erkidegoetako presidenteei deitzen zienean, eta telefonoan jartzen zitzaizkionean".

Semperrek Sanchezen emazte Begoña Gomezek izandako negozioei buruzko azalpenak emateko ere eskatu dio Espainiako gobernuburuari, Sanchezen "jarrera politikoan eragin" zutela iritzita. Hori dela eta, bere ekimenez argitzen ez badu, "beste edozein forotan, judizialean edo parlamentarioan" egin beharko duela nabarmendu du.

Armengoli dagokionez, Semperrek ez du argitu Goi Ganberako ikerketa batzordean agertzen lehena izango den, baina "ahalik eta azkarren" deituko diotela esan du.

Zer dakigu orain arte "Koldo auzia"z?

Kongresuko ikerketa batzordea, berriz, hurrengo egunean osatuko dute, apirilaren 2an, eta ikuspegi zabalagoa izango du, ez baitituzte soilik 'Koldo auzoa'rekin lotutakoak aztertuko, baizik eta administrazio publiko guztiek egindako osasun material erosketak, tartean Madrilgo Erkidegoarekin edo Udalarekin lotutako ustezko iruzurrak.

Talde sozialistak sustatu zuen batzorde hori, eta inbestidurako alderdi guztien babesarekin, PPren abstentzioarekin eta Voxen kontrako botoekin onartu zen.

Bi horiekin, eta Balearretako Parlamentuak onartutakoarekin, hiru dira COVID-19ko kontratazioekin lotuta martxan jarriko diren ikerketa batzordeak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika PSOE PP Ustezko ustelkeria politikoa Eguneko albisteak Albisteak Senatua