Politika -
BILBO
EAJ eta EH Bildu Euskal Herria Baterak Aberri Egun "bateratua" eskatzeko egindako ekitaldian izan dira
Bilboko Campos Eliseos antzokian Aberri Egunaren bezperan egindako ekitaldian, alderdi politiko, sindikatu eta kultur eta gizarte munduko pertsona ezagunak bildu dira.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
EAJko eta EH Bilduko ordezkariek bat egin dute gaur, Aberri Egunaren bezperan, Euskal Herria Batera plataformak Bilbon egin duen ekitaldian. Horiekin batera, sindikatu, gizarte eta kultura munduko aurpegi ezagunak ere izan dira bertan.
Euskal Herria Batera plataforma 2020an jaio zen, Aberri Egunean "Euskadi nazio gisa berresteko, elkarrekin jarduteko eta etorkizunean ospakizun bateratua egiteko".
Bilbon egindako ekitaldian, aipatu alderdi politiko, sindikatu eta kultur eta gizarte munduko pertsona ezagunak izan dira, hala nola LAB, Gure Esku, Gernika Gogoratuz eta Etxaldekoak.
EAJ ordezkatuz, Amaia Arregi, Itxaso Atutxa, Xabier Barandiaran eta Ager Izagirre bertaratu dira; EH Bilduren partetik, berriz, Nerea Kortajarena, Unai Urruzuno, Eva Blanco, Eva Lopez de Arroyabe, Idurre Bideguren, Mario Zubiaga, Izaskun Duque eta Miren Zabaleta.
Antolatzaileek irakurri duten adierazpenean, Aberri Egun "bateratua" egiteko deia egin diete alderdiei. Horien esanetan, euskal gizartea "asko" aldatu da, eta horrekin batera, "nazioa sentitzeko moduak" ere bai.
Hori horrela, nazio kontzeptuarekiko "atxikimendua berritu, egokitu, gaztetu eta zabaltzearen alde" agertu dira.
Euskal Herria Bateraren izenean Xabier Euzkitzek azpimarratu duenez, Aberri Eguneko ekitaldi jendetsuenak bihar izango badira ere, "gaurkoa izan da beharrezkoena, bide bat markatzen baitigu". "Oso argi izan behar dugu zerbait lortzekotan, zerbait egitekotan, zerbait izatekotan, elkarrekin izango garela eta bide hau elkarrekin abiatu eta egin beharrekoa dela", gaineratu du.
Aberri Egun bateratua ospatzearen aldeko herri ekimenak Bizkaiko hiriburuko Campos Eliseos antzokian egin du ekitaldia, eta bi lan aurkezteko aprobetxatu dute hitzordua: Euskal nazioa munduan testua, batetik, eta Jon Maiaren gidoia duen Nazioa egunerokoan ekitaldi antzeztua, bestetik.