Politika -

Auzitegi Nazionala

Voxek AEK salatu du Korrikak "terrorismoari gorazarre egin" eta "biktimak makurrarazi" zituela iritzita

Horren aurrean, AEK-k erantzun du ez zuela salaketaren berri. Dena den, askotan errepikatu dutenez, esan dute ezinezko zaiela Korrikan gertatzen den guztia kontrolatzea, haien lana lekukoa eta pankarta zaintzea delako, eta, beraz, ez dagokielako aldarrikapen denak kontrolpean izatea. 

Korrika Baionan. Argazkia: AEK
Korrika Baionan
Korrika Baionan. Argazkia: AEK

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEKren aurkako salaketa jarri du Voxek Auzitegi Nazionalean, joan zen astean Euskal Herria zeharkatu zuen Korrikan ETAko kideen 60 bat argazki erakutsi zirela argudiatuta.

Santiago Abascal buru duen alderdiak ohar baten bidez eman du salaketaren berri, iritzita lasterketako parte-hartzaileek "terrorismoa goretsi" eta "biktimen duintasuna iraindu" zutela.

Marta Castro Voxeko koordinatzaile nazional juridikoaren hitzetan, "Javier Garcia Gaztelu eta ETAko beste preso batzuen argazkiak" erakutsi zituzten. Hori horrela, eskatu dute pankartak zeramatzaten pertsonak identifika ditzatela.

Halaber, galdegin dute lasterketa igaro zen herrietako udaletan ekitaldia baimentzen zuten espedienteak eska ditzatela, baita gobernuen, Polizia Nazionalaren, Guardia Zibilaren eta Ertzaintzaren txostenak ere. Horiek jasotakoan, Auzitegira bidali nahi dituzte, parte-hartzaileei, segurtasun-neurriei eta Korrikan izandako gorabeherei buruzko datuak izan ditzan.

Zentzu horretan, Voxek Auzitegi Nazionalari ohartarazi dio ustez jai-giroan ospatzekoa den edozein ekitalditan "hiltzaileen argazkiak erakustea horiek babestea eta goratzea baino gehiago" dela, alegia, "haiek burututako hilketak aldarrikatzeko eta txalotzeko modu bat" dela.

Horren aurrean, Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak (AEK) erantzun du ez zuela salaketaren berri. Dena den, askotan errepikatu dutenez, esan dute ezinezko zaiela Korrikan gertatzen den guztia kontrolatzea, euren lana lekukoa eta pankarta zaintzea delako, eta, beraz, ez dagokielako eurei aldarrikapen denak kontrolpean izatea. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Korrika Politika Presoak ETA Eguneko albisteak Albisteak Vox