Politika -
Alderdi morea
Podemosek Kataluniako hauteskundeetara aurkezteari uko egin dio, "ezkerra zatitzen ez" laguntzeko
"Katalunian ziurgabetasun eta ezegonkortasun politikoa nagusi den une honetan, ezkerraren zatiketan ez laguntzea erabaki dugu, horrek eskuinari eta eskuin muturrari bakarrik egiten baitie mesede", azaldu du Podem Catalunyak.
Agentziak | EITB Media
Podem Catalunyako zuzendaritzak maiatzaren 12ko Kataluniako hauteskundeetarako hautagaitzarik ez aurkeztea erabaki du, "ezkerra zatitzen" ez laguntzek. Erabakia galdeketan berretsi beharko dute alderdiko militanteek.
Catalunya en Comu alderdiarekin talde parlamentarioa partekatu ondoren, En Comu Podem markaren pean, koalizio hori ezin izango da errepikatu M12ko hauteskundeetan; izan ere, Comunsek Jessica Albiach aukeratu du zerrendaburu, eta hautagaitzak osatzeko prozesuan daude.
"Katalunian ziurgabetasun eta ezegonkortasun politikoa nagusi den une honetan, ezkerra zatitzen ez laguntzea erabaki dugu, horrek eskuinari eta eskuin muturrari bakarrik egiten baitie mesede. Horregatik, Kataluniako herritarrenganako erantzukizun ariketa bat eginez, maiatzaren 12ko hauteskundeeetara ez aurkeztea erabaki dugu", azaldu du Podem Catalunyak ohar batean.
Hauteskunde-koalizioak erregistratzeko epea larunbat goizean amaitzen da, baina Podemosek uste du Comunsek "aliantza historikoa" hautsi duela, hautestontziekin aldez aurretik egindako gainerako hitzorduetara elkarrekin aurkeztu ostean, eta ez dute berriro hautagaitza bateratu bat errepikatu nahi izan.
Duela gutxi, Ada Colau buru zuen Kataluniako alderdiak adierazi zuen Podemosekin aliantzak ixteko atea irekita jarraitzen zuela, baina argi utzi zuen koalizioa zaila zela, batez ere Podemosek Sumarrekin hautsi eta Europako hauteskundeetara bakarrik joateko erabakia hartu ondoren.
Ildo horretan, azpimarratu dute Podemosek ahalik eta "akordio onenak" bilatzeko apustua egin zuela, ezkerreko Gobernu berria bermatzeko.
Horren harira, euren lehentasuna Comunsekin itun bat ixten saiatzea zen, baina Podemosetik deitoratu dute orain arte Kataluniako bazkide izan denaren jarrerak "ezinezko" egiten duela.
Horrela, Ione Belarra buru duen alderdiak hauteskunde ziklo honetan EAEko bozak eta Europako hauteskundeak soilik izango ditu helburu edo lehentasun.