Politika -
Lehen sektorearen protestak
Nafarroako Parlamentuak ez du lortu Cabanillasen gertatutakoaren aurkako adierazpen bat onartzea
UPNk, PSNk eta Voxek adierazpen bana aurkeztu dute gai honen inguruan, baina batek ere ez du lortu aurrera ateratzeko beharrezkoa den adostasuna.
Agentziak | EITB Media
Nafarroako Parlamentuko talde politikoak ez dira gai izan adierazpen instituzional bat onartzeko nekazariek Nafarroako Gobernuko presidente Maria Chiviteren aurka Cabanillasen egindako protesta batean izandako istiluen aurka agertzeko.
UPNk, PSNk eta Voxek adierazpen bana aurkeztu dute gai honen inguruan, baina batek ere ez du lortu aurrera ateratzeko beharrezkoa den adostasuna.
Sozialistek aurkeztutako testuan "presidentearen aurkako erasoa" aipatzen da, eta UPN, PP eta Vox ez datoz bat horrekin.
"Poliziaren basakeria" gaitzetsi nahi zuen Voxen adierazpenak, baina ez du talde bakar baten babesik izan, eta UPNren testuak ere ez du aurrera egin, puntu batzuk aldatzeko adostasunik lortu ez dutelako. UPNren kasuan, gainerako taldeek, PPk izan ezik, kontra bozkatu dute.
Testuak gaitzetsi egiten zituen "Cabanillasen izandako istiluak, Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak egindako bisitan lehen sektorearen alde egindako protesta batean gertatutakoak; izan ere, Chiviteren autoa kolpatu zuten, eta hura igarotzea eragozten saiatu ziren", baina presidentearen aurkako erasoa ukatzen zuen.
PSNk "erasoa" aipatu du, eta UPNk, PPk eta Voxek aurka bozkatu dute. Hala ere, talde guztiek, Voxek izan ezik, gaitzetsi egin dute gertatutakoa, UPNk eta PPk presidentearen aurkako erasorik ez dagoela uste badute ere.
Javier Esparza UPNko buruzagiak "indarkeriazko ekintza oro" gaitzetsi du, "beti egin duten bezala, hain zuzen ere, PSNko kideek egiten ez duten erara".
Ramon Alzorriz bozeramaile sozialistak, ostera, nekazarien protestetan gertatzen ari diren indarkeria ekintzen "konplize" izatea leporatu dio UPNri. Alzorrizek erregionalistei egotzi die "gezurra" elikatzen aritzea, "gertakari larrian amai dezakeena".
Laura Aznal EH Bilduko bozeramaileak eta Pablo Azcona Geroa Baikoak "onartezintzat" jo dituzte gertakariak. Aznalek azpimarratu du irudi horiek ez dutela "lehen sektorea ordezkatzen", eta Azconak gogorarazi du Foru Gobernua nekazariekin biltzen eta neurriak proposatzen ari dela.
Javier Garcia PPko bozeramaileak liskarrak gaitzetsi ditu. "Zehaztu dugu Guardia Zibilak ere lan handia egin zuela. Argi dago Nafarroako Gobernuarekin dagoen haserre handia", azpimarratu duenez.
Vox eskuin muturreko alderdiaren hitzetan, "'grisak' gogorarazten dituen basakeria egon zen", baina eskuin mutureko alderdia bere gaitzespenean bakarrik geratu da.