Politika -

ALDERDI POLITIKOAK

Botoen % 81,5ekin hautatu dute Yolanda Diaz Sumarreko buru, parte-hartze baxua izan duen prozesuan

Diazek PSOEri ohartarazi dio "oker" dagoela "bakarrik goberna dezakeela uste duena", eta bere alderdiak koalizio-gobernuan betetzen duen papera aldarrikatu du.

Yolanda Diaz eta Estrella Galan, Errefuxiatuei Laguntzeko Batzordeko zuzendaria. Argazkia: EFE
Yolanda Diaz eta Estrella Galan, Errefuxiatuei Laguntzeko Batzordeko zuzendaria. Argazkia: EFE
Yolanda Diaz eta Estrella Galan, Errefuxiatuei Laguntzeko Batzordeko zuzendaria. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sumarreko buru ofiziala da jada Yolanda Diaz, bere hautagaitzak botoen % 81,5 lortu ostean. Sumarren izena emanda duten 70.000 lagunetatik 8.179k erakutsi zuten prozesuan parte hartzeko asmoa, eta, azkenean, 6.671k eman dute botoa. Mugimendu ezkertiarrean erroldatutakoen % 11,6k baino ez dute bozkatu, beraz. 

Madrilgo 'La Nave' gunean egindako sortze-batzarrean emandako hitzaldian, mezua bidali dio Diazek PSOEri, "oker" daudela ohartaraziz, "bakarrik goberna dezaketela" uste badute. Hala, bere alderdiak koalizio-gobernuan duen papera aldarrikatu du, eta legealdi honetan aurrekontuak luzatuta lan egin beharko duten arren, aurrera egiten jarraituko dutela azpimarratu du.

Horrela itxi dute alderdiaren egitura politikoa eta antolakuntza abiatzeko egindako bilera.

Lurralde-profil propioak

Hauteskunde orokorretara elkarrekin aurkeztu baziren ere, alderdi batzuek (Mas Madrid eta IU) profil propioa izan nahi dute lurraldeetan. Katalunian Komunek duten espazio eredua izan nahiko lukete, eta horretaz ere luze eta zabal hitz egin dute topaketan eta behin-behineko adostasuna lortu dute.

Nolanahi ere, udazkeneko batzar fundatzailera arte atzeratu dute Sumar alderdien arteko federazioa edo Compromisen tankerako koalizioa izan behar den argitzeko erabakia. Dena dela, modu asimetrikoan egingo da, zantzu guztien arabera, eta prozesua konplexua izango dela aurreikus daiteke. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainia Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak Yolanda Diaz Sumar Mugimendua