Politika -
EITB Focus
Indiferentzia nagusi euskal hautesleen artean, hauteskundeak izateko hilabete falta denean
Silvan & Miraclek azken EITB Focus inkestaren mikrodatuak aztertu ditu. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak izateko hilabeteren faltan, hautesleen zati handi batek ez du oraindik hauteskunde prozesuarekin bat egin.
EITB Media
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak izateko hilabeteren faltan, EITBk EITB Focus inkestaren atal berria argitaratu du. Hauteskundeak gertu izan arren, herritarren artean indiferentzia da nagusi, eta zalantzati daudenen kopuruak erakusten du herritarren zati handi batek oraindik ez duela prozesuarekin bat egin. Inkestan jasotzen denez, zalantzati daudenen kopuruak behera egin du, baina ez da jaitsiera nabarmena. Otsaileko inkestan, zalantzatiak % 21,5 izan ziren; oraingoan, berriz, % 20 dira.
Indiferentzia datozen hauteskundeen atarian
Legebiltzarrerako hauteskundeek sortzen duten sentimenduaz galdetuta, indiferentzia, itxaropena eta ardura dira galdetutakoen artean nagusi.
Silvan & Miracle enpresak EITB Focusen mikrodatuak aztertu ditu, eta EAJren hautesleen artean ardura nagusi dela ondorioztatu du.
EH Bilduren boto-emaileen artean, berriz, itxaropena da nagusi; indiferentzia gehien Elkarrekin Podemoseko hautesleek dute, eta PSE-EEko jarraitzaileak indiferentziaren eta arduraren artean daude.
PPren, Sumarren eta Voxen hautesleen datuak ezin izan dira aztertu, ez baitira nahikoa izan ondorioak lortzeko.
Metodologia
Bizitokia EAEn duten 1.800 pertsona elkarrizketatu dituzte EITB Focus inkesta egiteko (lurralde historiko bakoitzeko 600).
Galdeketak martxoaren 8a eta 14a bitartean egin zituzten, telefonoz.
Datu, mikrodatu eta adierazle estatistiko guztiak Gardentasun atariko Open Data atalean izango dira kontsultagai.