Politika -
Titular nagusiak
Albiste izango dira: EITB Focus: herritarren kezkak, Barakaldoko tiroketa eta Gasteizko haur txikia
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko martxoaren 22an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- EITB Focus herritarren kezkei buruz: Lana, osasuna eta segurtasuna dira EAEko herritarren kezka nagusiak, EITB Focus inkestaren arabera. Hain zuzen ere, enpleguarekin lotuta dauden arazoak (langabezia, lan-etorkizuna eta soldata prekarioak) dira kezka nagusiak boto-emaileen % 17rentzat. Bigarren lekuan osasuna eta Osakidetza daude (% 13), eta hirugarrenean, delinkuentzia eta segurtasunik eza (% 10,2).
- Barakaldoko tiroketa: Barakaldoko udaltzain batek bi pertsona balaz zauritu zituen atzo goizean Arrontegi zubiaren azpian izandako "gertakari" batean. Udaltzainak tokira joan direnean arma zuriak hartuta zebiltzan hainbat pertsonarekin topo egin zuten. Ikerketako iturrien arabera, "eraso bati erantzunez" udaltzain batek tiro egin eta bi pertsona zauritu zituen.
- Gasteizen bosgarren solairutik eroritako haurtxoa: Atzo arratsaldean Gasteizen 5. solairutik behera amildu eta larri zauritu zen 11 hilabeteko haurtxoa Gurutzetako Ospitalera (Barakaldo, Bizkaia) eraman dute bart. Atzotik Txagorritxuko erietxean zuten, baina Bizkaiko ospitalera eramatea ebatzi dute, Pediatriako zainketa berezien unitatera. Larri dago, baina egonkor.