Politika -

EITB Focus

Zeintzuk dira herritarrek nahiago dituzten gobernu-itunak?

10 hautesletik 3k faboritorik ez duten arren, EAJ-EH Bildu eta EAJ-PSE dira babes gehien duten koalizio gobernuak.

Grafikoa: EITB
Grafikoa: EITB
Grafikoa: EITB

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJ-EH Bildu eta EAJ-PSE dira EAEko biztanleek nahiago dituzten itunak hurrengo Eusko Jaurlaritza osatzeko, EITB Focusen arabera.

Horren ildotik, boto-emaileen % 22,8k alderdi jeltzalearen eta koalizio subiranistaren arteko balizko gobernua nahi dute, eta % 19,4k, aldiz, EAJren eta PSE-EEren artekoa.

Gainerako aukera politikoek ez dute ia babesik izan: EH Bildu-Elkarrekin Podemos itunak % 4,7ko babesa du; EH Bildu-Elkarrekin-Sumar balizko akordioak, % 3,9; eta EH Bildu-PSEk, % 3,4.

Edozein kasutan, hautesleen % 28,1ek, ia 10etik 3k, ez dute argi zer nahiago duten.

Eta bitxikeria gisa: badirudi inork gutxik jartzen dituela zalantzan koalizio gobernuak. Izan ere, boto-emaileen % 2,5ek baino ez dute agertu EH Bilduren bakarkako gobernua nahi dutela, eta % 2,2k EAJrena.

EITB Focus

Iritziak, alderdi bakoitzaren boto-emaileen arabera

Bestalde, EAJren eta PSE-EEren boto-emaileentzat, bi alderdi horien arteko balizko exekutiboa da itun faboritoa, eta EH Bildukoek alderdi jeltzalearekin gobernatu nahi dute.

Hain zuzen ere, EAJren hautesleen % 47,4k sozialistekin egin nahi dute gobernu ituna; eta % 25,4k, koalizio subiranistarekin.

Bestalde, hauteslekuetan EH Bilduren alde egingo dutenen artean, % 34,8k EAJ lehenesten dute gobernua osatzeko, eta % 13,2k, Elkarrekin Podemos.

PSE-EEri dagokionez, haren boto-emaileen % 56,7k jeltzaleekin gobernatu nahi dute, eta gainerako alternatibak ez dira ia % 3ra ailegatzen.

Metodologia

Bizitokia EAEn duten 1.800 pertsona elkarrizketatu dituzte EITB Focus inkesta egiteko (lurralde historiko bakoitzeko 600).

Galdeketak martxoaren 8tik 14ra egin zituzten, telefonoz. 

Datu, mikrodatu eta adierazle estatistiko guztiak Gardentasun atariko Open Data atalean izango dira kontsultagai.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa EAEko hauteskundeak EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi EiTB Focus Hauteskundeak Hauteskunde inkestak Sumar Mugimendua