Politika -
Amnistia Legea
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak Amnistia Legearen kontrako txosten gogor bat onartu du
Txostenaren arabera, legea Konstituzioaren kontrakoa da, botere banaketa eta berdintasun printzipioa urratzen dituelako. Aldeko bederatzi boto (kontserbadoreak), eta kontrako bost (aurrerakoiak) jaso ditu. Vicente Guilarte presidenteak eta Enrique Lucas bokalak zuri bozkatu dute.
EITB Media
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak Amnistia Legearen kontrako txosten gogor bat onartu du ostegun honetan, sektore kontserbadoreak sustatu eta babestuta eta bokal aurrerakoiek errefusatuta. Txostenaren arabera, lege proposamena Konstituzioaren kontrakoa da, eta botere banaketa urratzen duela ohartarazi du.
Iturri juridikoek azaldu dutenez, Wenceslao Olea bokalaren proposamenak bere kide Mar Cabrejasenak baino babes zabalagoa lortu du, bide batez, aurreikus zitekeena, epaileen gobernuaren organoan gehiengo kontserbadorea dagoela kontutan hartuta. Hala, Olearen txostena izango da Senatura igorriko dena, hark BJKNri eskatutako iritzia biltzen duen erantzun gisa.
Bederatzi bokalek bozkatu dute Wenceslao Olea kontserbadorearen proposamenaren alde, eta bostek Mar Cabrejas aurrerakoiarena. Vicente Guilarte presidenteak eta Enrique Lucas bokalak zuri bozkatu dute.
Aldaketarik gabe onartu den Olearen proposamenak ohartarazten duenez, konstituzioaren kontrakoa da araua, diotenez, ez Auiztegi Konstituzionalaren doktrinak, ez Auzitegi Gorenaren jurisprudentziak ez dute bide ematen Amnistia gure Zuzenbidean aitortua dagoela ondorioztatzeko".
Arauaren "teknika juridiko eskasa" kritikatzen du eta tramitazio parlamentario "ausazkoa", ez dagoelako interes orokorrik eta legeak biztanle batzuen eta besteen arteko "berdintasun printzipioa urratzen" duelako; halaber, "testuak botere banaketa urratzen" duela dio txostenak, "ez delako onargarri botere Legegileak epaitegien erabakiak indarrik gabe uztea", Konstituzioak berariaz baimendutako salbuespenezko kasuetan izan ezik, Gobernuak erabakitako indultu partikularren kasuetan, esaterako.
Gainera, terrorismo-delitu guztiak amnistiatik kanpo uztearen alde egin du, eta ohartarazi Europatik datorren atxilotze-agindu bat indarrik gabe uztea EBko Zuzenbidearen aurkakoa izan daitekeela.