Politika -
Legebiltzarraren aurrean
Euskal Herriko Kontseilu Sozialista: "Erakundeetan ez dago erabakitzeko benetako ahalmenik"
Eusko Legebiltzarraren aurrean bilduta, EHKSko Ane Ibarzabal eta Peio Ormazabal bozeramaileek adierazi dute arlo politikoan "pisurik handiena duten gaiak ez direla bozkatzen eta politika garrantzitsuak nazioz gaindiko erakundeetatik ematen direla".
EITB Media
Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS), hauteskunde zikloaren aurrean eta apirilaren 21eko hauteskundeak bereziki aipatuz, ohartarazi du "erakundeetan ez dagoela erabakitzeko benetako ahalmenik". Era berean, iragarri du mobilizatu eta aldarrikapenak kalera eramango dituela.
Eusko Legebiltzarraren aurrean bilduta, EHKSko Ane Ibarzabal eta Peio Ormazabal bozeramaileek adierazi dute arlo politikoan "pisurik handiena duten gaiak ez direla bozkatzen eta politika garrantzitsuak –kasurako monetarioa, militarra eta gastuari buruzkoa– nazioz gaindiko erakundeetatik ematen direla, hala nola, banku zentraletatik eta Europako Batzordetik".
Nabarmendu dutenez, "hautagai guztiek bat egiten dutela oligarkiaren agendarekin" eta, zentzu horretan, "gaur egungo egoera betikotzeko erakunde multzoa dela politika eredu instituzionala".
"Erakundeek eta hauteskundeek politikaren gaineko optika faltsu bat baino ez dute sortzen. Politika ogi-apurren banaketarekin lotzea eragiten dute. Baina kasu batean ere ez klase banaketarekin amaitzearekin. Guzti horregatik diogu, apirilaren 21eko hauteskundeetan langile klaseari eskaintzen zaizkion alternatiba guztiak faltsuak direla", salatu dute.
EHKSren ahotan, "EAEko aurrekanpaina bete betean, EAJk eta EH Bilduk alderdi bateraezinen itxura eman nahi badute ere, EAEtik kanpo etengabe elkarrekin jarduten dute". "EH Bilduk bere burua alternatiba bezala aurkezten jarraitu badezake, orain arte jaurlaritzan egotea egokitu ez zaiolako da", gaineratu dutenez.
EHKSren arabera, langileen bizi-baldintzek okerrera egiten jarraitzen dute, nahiz eta Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Gobernuak aurkakoa dioen "propaganda egin".
Horregatik guztiagatik, "fartsa elektoralaren aurrean EHKSko kideen hautua da militantzian eta zuzeneko parte hartze politikoan oinarritutako kultura hedatzea". "Urte gehiegi daramatzagu esperantzak hauteskundeetan jarri behar direla entzuten eta egoerak okerrera baino ez du egin", azpimarratu dute.