Politika -
Amnistia Legea
Senatuak tramitera onartu du Amnistia Legea, baina ohiko prozedurarekin izapidetuko du, urgentzia barik
Aurrez, bi txosten eskatu zaizkie letraduei. Euren arabera, araua Konstituzioaren kontrakoa da baina Senatuak derrigorrez izapidetu behar du.
Agentziak | EITB Media
Senatuko Mahaiak oniritzia eman dio Amnistia Legearen proposamena izapidetzeari, baina ohiko prozedurarekin egingo du, PPk hala eskatuta (gehiengoa du ganberan). Hortaz, Kongresuan izango urgentziazko biderik ez da izango Goi Ganberan. Tramitea maiatzaren 16a baino lehen amaitu beharko dute.
Mahaiak erabaki du tramitea Konstituzio eta Justizia batzordeetako senatarien arteko batzorde bateratu batek egitea Idazkaritza Nagusiak astelehen honetan egindako txostenean gomendatu zuen bezala.
32 senatariz osatutako batzorde horretan, PPk 17 ordezkari izango ditu, PSOEk 9, ERCk eta Bilduk osatutako taldeak 2, eta gainerako lau taldeek, bana.
Legealdi honetan, Kongresutik datorren aurreneko lege-proposamena da Senatuan.
Letraduen txostena
Aurrez, eta Voxen eskeen aurrean, txostena galdegin zitzaien letraduei, Senatuak tramitera onartu behar ote duten aztertzeko. Testu juridikoak argi dio izapidetzea derrigorrezkoa dela eta hala zehazten duela Konstituzioaren 90.1 artikuluak.
Beste txosten bat ere egin dute letraduek, bigarren hau legearen edukiari buruz. Diotenez, Konstituzioaren kontrakoa da araudia. "Testuak inkonstituzionaltasun akatsak araztu behar ditu, Kongresuko Justizia Batzordeko letraduek egindako zehaztapen teknikoei jarraituta".
Hala, hainbat oinarrizko eskubide urratzen dituela ohartarazten du, hala nola, berdintasun, askatasun ideologiko, segurtasun juridiko eta bote banaketaren oinarrizko eskubideak.
Bigarren txosten horren arabera, Kongresuko izapidetzean "irregulartasunak" izan ziren, eta bi txosten ezberdin mahaigaineratu zirela. Lehenengoan zehaztu zenez, legeak ez zuen Konstituzioarekin "kontraesan nabarmenik". Bigarrenean, aldiz, zalantzak agertu ziren konstituzionaltasunari dagokionez.
Azkenik, legea Konstituzioaren kontrakoa izanik, onartuz gero egingo den "iruzur konstituzionalaz" ohartarazten du txostenak. Horren arabera, "ezkutuan egindako Konstituzioaren erreforma litzateke".