Politika -
Memoria historikoa
Pasaian eraildako komando autonomoetako kideen senideek justizia eskatu dute, sarraskitik 40 urte betetzean
40 urte epaitegietan borrokatzen eman ondoren, "Pasaiako badian gertatu zena" ofizialki onartu ez izana deitoratu dute, eta salatu dutenez, epaitegiek "hilketa zantzuak daudela onartu arren, ez dute kasua argitzeko borondaterik izan".
EITB Media
Espainiako Poliziak 1984an Pasaian hildako Komando Autonomo Antikapitalistetako (KAA) lau kideen senideek justizia eskatu dute larunbat honetan, gertakariak izan zirenetik 40 urte bete direnean.
Rafael Delas (Txapas), Pedro María Isart (Pelitxo), Jose Maria Izura (Peluy) eta Dionisio Aizpuru (Kurro) zirenen senideek prentsaurrekoa eman dute larunbat honetan, Egiari Zor Fundazioaren bozeramaile Ainara Esteranekin batera, kasuaren egoeraren balantzea egiteko eta hildakoak gogoratzeko ekitaldi bat iragartzeko.
40 urte epaitegietan borrokatzen eman ondoren, "Pasaiako badian gertatu zena" ofizialki onartu ez izana deitoratu dute, eta salatu dutenez, epaitegiek "hilketa zantzuak daudela onartu arren, ez dute kasua argitzeko borondaterik izan".
Auzitegi Konstituzionalak behin-behinean artxibatu zuen kasua 2017an, baina Gipuzkoako Auzitegiak berriro ireki zuen. Duela urtebete, hiru identifikazio-saio egin zituen, baina ez zuten fruiturik eman.
Senideek ez dute bide judizialetik ezer lortzeko itxaropenik, eta horregatik eskatu dute erakundeen babesa. Horien arabera, Azpeitiko Udalak soilik babestu ditu, eta gainerakoek "beste alde batera begiratu dute".
Gogorarazi dutenez, Eusko Jaurlaritzak kasuari buruzko txosten bat eman zien senideei, hiru urteko atzerapenarekin, lau hildakoak "epaiketaz kanpoko exekuzio" baten biktima izan zirela aitortuz.
"Zigorgabetasuna" salatzeaz gain, senideek esan dute bide berriak "duintasunez" jorratzen jarraituko dutela "dena ikertu eta argitu arte".
Oroimen ekitaldi batzuk ere iragarri dituzte, besteak beste, martxoaren 23an Azpeitian egingo den ekitaldi nagusia.