Politika -
Kataluniako hauteskundeak
Atxilotzeko arriskua gorabehera, Puigdemont prest dago Kataluniara itzultzeko, bere abokatuaren arabera
Gonzalo Boye abokatuak ziurtzat eman du presidente ohiaren hautagaitza. Horren ustez, Gorenak hura atxilotzeko beste agindu bat eman lezake 'Tsunami Democratic' auzia tarteko, eta eurodiputatu immunitatea galduta lukeenez, atxilo har lezakete. "Azkenera eramango du bere erabakia", nabarmendu du.
Agentziak | EITB MEDIA
Gonzalo Boye Carles Puigdemonten abokatuaren esanetan, Kataluniako presidente ohia prest dago herrialdera itzultzeko Amnistia Legea indarrean sartzen denean, atxilotzeko arriskua badago ere. "Azkenera eramango du bere erabakia", gaineratu du hautagaitza ziurtzat emanda.
RAC1 irrati kateari eskainitako elkarrizketa batean, Boyek esan du Estatuko Aldizkari Ofizialak legea argitaratzen duenean —maiatza amaieran edo ekaina hasieran—, Auzitegi Gorenak Puigdemont atxilotzeko agindua kendu beharko du (Kataluniako prozesuarengatik emandakoa) eta "esparru juridiko ezberdina" abiatuko da. Horrek aukera emango dio Juntseko kideari Kataluniara itzultzeko.
Nolanahi ere, aitortu du 'Tsunami Democratic' auziagatik haren kontrako beste atxilotzeko agindu bat eman dezakeela Gorenak —terrorismoagatik ikerketapean du—, baina arrisku hori gorabehera, ondorioak bere gain hartzeko prest dagoela azpimarratu du.
Boyeren arabera, Amnistia Legeak Europako zuzentarauean jasotakoak bakarrik jotzen dituela terrorismotzat, "ez edozein lelokeria".
"Akaso atxilotuko dute, baina ezingo dute eragotzi Generalitateko presidente izatea berak hala nahi badu", argitu du abokatuak. Horren arabera, Puigdemont presidente inbestitu ahalko dute, "legea egoki interpretatzen badute". Hori da, hain justu, Pere Aragones Kataluniako presidentearen (ERC) eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen "beldurra".
Azaldu duenez, Puigdemont presidentegaia bada —oraindik ez du argitu— eurodiputatu izateari utzi beharko diola, eta horrenbestez, duen immunitatea galduko duela.
Gogorarazi du immunitatea izanda ere atxilotu zutela Puigdemont, baina nabarmendu du "egoera ezberdina" dela orain, "kasu horiek barne hartzen dituen Amnistia Lege bat dagoelako. Lasai nago zentzu horretan".