Politika -
AIR EUROPAREN ERRESKATEA
PPk Sanchezen aurkako salaketa aurkeztuko du gaur, Air Europaren erreskatean interes gatazka egon zelakoan
Alderdi Popularreko iturrien arabera, Espainiako Gobernuko presidenteak Air Europaren "aldeko erabakiak" hartu ziren Ministro Kontseiluetan parte hartu zuen, nahiz eta "Begoña Gomez emaztearekin lotura ekonomiko eta profesionalak zituen konpainia izan".
EITB MEDIA
PPk Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen aurkako salaketa erregistratuko du ostegun honetan Interes Gatazken Bulegoan, Air Europaren erreskateak onartu zituen Ministroen Kontseiluetan parte hartzeagatik.
Alderdi Popularreko iturriek zabaldutako informazioaren arabera, Espainiako Gobernuko presidenteak Air Europaren "aldeko erabakiak" hartu ziren Ministro Kontseiluetan parte hartu zuen, nahiz eta "Begoña Gomez emaztearekin lotura ekonomiko eta profesionalak zituen konpainia izan".
Iturri popularrek jakitera eman dutenez, egiaztatuta dago Air Europak Sanchezen bikotekidearen katedra diruz ordaindu zuela; hain zuzen ere, gobernuburua Moncloako jauregira iritsi eta hilabete eskasera, nahiz eta goi mailako unibertsitate titulaziorik ez izan. Gaineratu dutenez, frogatuta gelditu da zuzeneko harremana duela konpainiako arduradun nagusiekin.
Air Europari 795 milioi euroko erreskatea ematea onartu zuen Ministroen Kontseiluan parte hartu zuen Sanchezek, nahiz eta iturri popularren arabera, bere emazteak konpainiarekin zituen "lotura ekonomiko eta profesionalengatik" ez zuen bertan egon behar.
Estatuko Administrazio Orokorreko goi kargudunen jarduera arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legea aintzat hartuta, Sanchezek ez zuela Ministro Kontseilu horietan parte hartu behar iritzi diote PPko iturriek.