Politika -
M11
Angel Berruetari motibazio politikoko biktimaren aitortza emateko eskatu dio Iruñeak Nafarroako Gobernuari
Gogorarazi duenez, "Justizia Auzitegi Nagusiak larrigarri gisa aitortu zuen motibazio ideologikoa, izaera politikoko krimena izan zela baieztatuz".
agentziak | eitb media
Iruñeko Udaleko Udalbatzak bilera egin du gaur goizean eta "Angel Berrueta eta bere familia motibazio politikoko biktima gisa aitortzea" eskatu dio Nafarroako Gobernuari, hilketaren 20. urteurrena izateko bi egun falta direnean.
2004ko martxoaren 13an hil zuten Angel Berrueta iruindarra Valeriano de la Peña Espainiako Poliziak eta horren seme Miguel Jose de la Peñak, Madrilgo M11ko atentatuak izan eta bi egunera, bere okindegian ETAren aurkako kartel bat ez jartzeagatik.
Onartutako testuaren arabera, "gertakari tragiko horietatik 20 urtera, Angel Berruetaren senideek egiarako, justiziarako eta konponketarako eskubidea eskuratu gabe jarraitzen dute".
Udalaren adierazpenean agertzen denez, hilketa "Alderdi Popularraren Gobernuak nahita sustatutako amorru politikoaren giroan izan zen, Madrilgo M11ko atentatuen ostean"; eta "Justizia Auzitegi Nagusiak larrigarri gisa aitortu zuen motibazio ideologikoa, izaera politikoko krimena izan zela baieztatuz".
Hala, Udal Gobernuak "Angel Berrueta Legazen hilketaren motibazio ideologiko edo/eta politikoa aitortzea" eta "Angel Gogoan plataformak 20 urteurrenaren harira egiten dituen ekitaldiak babestea" adostu du.